Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Munillaren alde

Munillaren alde

Amatiño 2009/11/25 00:14
Juan Mari Uriarte gotzainaren ustez Jose Ignacio Munillak “osasun ona du, lanerako gaitasun handia, espiritualitate sendoa eta kemen apostoliko nabarmena”. Horrez gainera, gogoratu ere gogoratu du donostiarra dela eta hamazazpi urtez Gipuzkoan bertan apaiz-lanetan aritua. Hala ere, hainbatek erabaki du hori ez dela nahiko Donostiako gotzain izateko. Zerbait gehiago behar dela. Gehiago… Zertarako?

Munilla bera harritu samarrik dago astindu den eztabaidaz: Ni ez naiz horrenbesterako aitortu du irribarrez gaur goizean Euskadi Irratiak egindako elkarrizketan. Nik ez dakit horrenbesterako den ala ez baina ni ere harrituta nago haren izendapenak kristau ez direnen artean sortarazi duen zalapartaz.

Nago, ez ote gauden guztiz ezberdinak diren arloak nahasten: gizarte-konpromisoa, kristautasuna, morala eta politika dena elkarrekin kokteleran sartu, eragin eta ondotik darion nahaste-borrasteaz nahi dugu, antza, gizona epaitu ezezik, baita aldez aurretik erruduntzat jo ere.

Munilla kontserbadorea ala progresista, eskuindarra ala ezkertiarra ote den… nik erantzungo nuke denetarik dela.  Txairo eta behartsuekiko guztiz aurrerakoia eta moral kontuetan taliban-talibana. Kristautasunik ez dio (oraindik) inork ukatu eta politikaz, berriz, edozer izan daiteke, kontrajarritzat jotzen ditugun bi esparru horiek biltzen dituen edozein alderditakoa bai behintzat, eta barrena laupabost badira gurean.

Ez esan gero hori ezinezkoa denik. Munilla donostiarra da baina poloniarra ere izan zitekeen. Ez luke batere trabarik egingo Solidarnosc-en tradizioaren baitan eta hobeto konponduko litzateke Woytilarekin Ratzingerekin baino.

Aita jatorriz etorkina eta ama Donostiako merkatuan barazkiak saltzen zituen Aizarnazabalgo baserritarra, umetan nola-hala albaindutako euskara gaztaroan bere kautan landu duen mutil adoretsua dugu Munilla. Apaiz-lanetan hasi berri, Zumarragako langile etorkin-auzoko garaje ziztrin barruan gurutze handitzarra jarri eta eliza ireki zuena… Baita gero ganorazkoagoa eraiki ere, auzo-lanean,  EAJren eta PSEren dirulaguntzaz, Munillak Zumarragako udalari gizarte-zerbitzutan aurrezten ziona dezente gehiago zelakoan.

Munilla dugu haurren katekesiaz eta aisialdiaz (futbol-partidak antolatu eta erreferiarenak egin),  HIESak jotako gaixoez eta lanik gabeko familiez arduratuz hazi eta hezitako koadjutore gaztea, bere ohea hainbat yonkiri utzitakoa. Esan gabe doa ez dudala nik imajinatzen Rouco Varela kardinala bere ohea yonkiei uzten.

Bada Munillari leporatzen dionik “por libre” ibili izana. Joño, eta “por libre” ibiltzea noizdanik da herri honetan bekatu? Ala “meritu” hori alde batekoei soil-soilik onartu behar al zaie?

Kontua da, ordea, zenbaiten ardura besterik dela, alegia, Munillak presoen alde behar beste egingo ote duen ala biktimei “orain arte baino gehiago” lagunduko ote dien. Baina Munilla gotzaina epaitzeko beste neurkinik ez dutenek, auskalo aurrerakoiak ala atzerakoiak ote diren baina, behar bada, ez dute zerurik merezi. Ez behintzat Kristorengan sinesten dutenek itxaro duten zerurik. 

 File:Obispo Munilla.jpg José Ignacio Munilla

Amatiño
Amatiño dio:
2009/12/05 14:46

Ezta nereak ere.

Iñaki Murua
Iñaki Murua dio:
2009/12/04 20:02

Lagun batek esan zidan lehengoan Eliza Katolikoak urte luzeetan iraun duela, besteak beste, epe luzerako begiradaz jokatzen duelako.

Eta Euskal Herriko apezpikuen izendapena ez da zoriak eragindako zerbait. Adibidez, bere garaian Uriarte jarri izan balute Bizkaian eta Pagola bat Gipuzkoan? Ez zen horrela egin.

Munilla eta Iceta antzeko ikusten ditut, Amatiño. Bertakoak bai, euskaldunak oker ez banabil; baina, eta nire ustez garrantzitsua dena, elizbarrutitik kanpo hezitakoak.

Eta "por libre" ibiltzea meritu ala bekatu den, ikusi beharko Gipuzkoako gotzain berriak horrelakorik balego nola jokatuko lukeen (baldintza erreala erabiltzea ere posible da)

Laburbilduz, ez dira azken izendapen biak nire gustukoak izan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: