Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Munduratzearenak egin du

Munduratzearenak egin du

Amatiño 2010/01/07 14:31
Egungo hegazkin batek 1975an baino %45 erregai gutxiago kontsumitzen du kilometroko. Baina oraingo hegaldi guztien kontsumoa ordukoa baino %150 handiago da. Hau da, teknologia berriek energia-eraginkortasuna hobetu dute eta, ondorioz, prezioak merketu. Hegaldiak merketzearekin batera bidaiari-kopurua hazi egin da eta baita, jakina, hegaldiena ere. Beraz, kontsumoa gehitu. Gurpil zoro hau zelan konpontzen da? Gaur gaurkoz modu bakar batez: hegazkinik ez erabiltzen. Baina gertu al gaude hegazkinik ez erabiltzeko?

Kopenhageko gailurrera joan ziren gehienak hegazkinez joan ziren eta Kiotora joan-etorria egin zuten ia denak zer esanik ez. Zenbaitek esango du berari ez begiratzeko, bera ez zela ez Kioton eta ez Kopenhagen egon eta, gainera, honez gero ahaztu ere ahaztu zaiola noiz hartu zuen azkenengo hegaldia. Baina ez pentsa gero horren erraza denik hegazkina alboratzea, ez baita alferrik Forondako aireportua Europa hegoaldeko “arrain-porturik” garrantzitsuenetakoa.

Gutako edonork jaten du edozein astelehen buru zuritan gure sukaldera heltzeko hiruzpalau mila kilometro egin behar izan dituen janariren bat. Nonahi aurkitu ditzakegu Kaliforniako intxaurrak, Zelanda Berriko fruituak edo Indiako Ozeanoko arraina.

Janariak ezezik, Keniaren BPGren %15 loregintza da, den-dena, Europara hegazkinez datorrena. Turismoa Peruren BPGren % 7,5 da eta Australiaren % 10. Eta ez pentsa gero turistak bizikletaz joaten direnik. Adibide gisa, Estatu Batuetako autogintza bertako BPGren %1,3 baino ez da. Nolabait esateko, autogintza industria erraldoiaren eragina Ipar Ameriketan loregintzarena Kenian baino hamar bider txikiagoa da.

Datu hauek Jeff Rubin ekonomilari kanadarrak ematen ditu Por qué el mundo está a punto de hacerse mucho más pequeño liburuan (Tendencias, 2009). Bere tesia, llabur-llabur, zera da: gaur egungo ekonomia energia merkean dago oinarritua eta indarrean dagoen ereduak iraun dezake energia merkeak dirauneino. Baina energia ikaragarri garestituko da (upel petrolioaren prezioa hiru digitotan, berriro), eskabidea gero eta handiagoa denez gero eta eskaintza, berriz, gero eta txikiagoa.

Ondorioz, energia garestitzen den heinean, ezin izango ditugu Kaliforniako intxaurrak, Zelanda Berriko fruituak, Indiako Ozeanoko arraina eta Keniako loreak erosi, ezta oporretan Machu Pichura joan ere. Hau da, gure gertuko janariez, loreez eta bidaiez konformatu beharko dugu, eguneroko mundua neurriz txikituko da eta, berriro ere, gure hurbilari begira jarri beharko. Akabo globalizazioa, munduratze-utopiarenak egin du, gatozen berriz geure txokora, geure betiko inguru-mingurura.

Ni ez nator ekonomilari jakintsu eta energia-aholkulari aditu honen teoriarekin bat, baina hori da liburuak dioena. Hurrengoan nere iritzia. Sasoi bateko pentsua (ez) bezalaxe… ez onena, bai merkeena.

To be continued…

                       

ramon
ramon dio:
2010/01/10 12:47

Nik esaldi hori Pasquali erretraktoreaz lotzen dut modu zuzenean, naiz modu ez zuzenean antzerako esan nahia izan ahal duen. Nik ez dut irakurri Rubin honen liburua, azken finean Mikroekonomia defendatzen duela dirudi Makroekonomiaren aurka, edo haren itzulera derrigortua. Nik gerora gertatuko denarekin zalantzat ditut, argi dut ez gaudela bide jasangarrian, Hire teoria gustora irakurriko juat.

oier g
oier g dio:
2010/01/07 22:05

Ez dakitt nahitta egin dozun aldaketia, baiña Fanderia pentsuen lelua hala zan: "Ez merkenak; bai onenak". Loiolako Herri Irratian, uste dot.

Amatiño
Amatiño dio:
2010/01/10 15:51

Nik, ostera, ez juat uste Rubinen liburuaren ardatza makro/mikro eztabaidia danik. Gainera, uste be ez juat uste makroekonomia eta mikroekonomia alkarren kontra dagozenik eta, zentzun beronetan, ez juat uste makroekonomia eta mikroekonomia juaneko eta itzuliko lekuak diranik, ekonomia berberaren ikerketa modu bi baino. Ez kontrajarrixak, osagarrixak baino.

Amatiño
Amatiño dio:
2010/01/08 00:41

Errazoi osua daukak. Berba bakarra falta dok, baina kasu honetan ziharo erabagigarrixa: EZ

Eskerrik asko, hi.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: