Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mundura ialgi

Mundura ialgi

Amatiño 2018/12/18 09:00
Pozgarriak izan ziren, zirraragarriak gero, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak aurreko astean Bregenzko areto nagusian eskaini zuen kontzertua eta ondoren jasotako txalo-zaparrada.

Bregenz ez da euli-kaka musika-arloan. Biztanlez, Eibar edo Durango baino txkiagoa izan arren, Suitza, Liechtenstein, Austria eta Alemaniaren arteko bidegurutzean, ospetsuak dira Konstantza aintziraren uretan udaro antolatu ohi dituen opera-ikuskizunak. Giro ilustratu horretan, jendez gainezka, Alemaniako sopranorik ezagunenari Sorozabalenak euskaraz kantatzen entzuteak oilo-ipurdia jartzen du.

Linzen, Munichen eta Bregenzen zehar izan da aurten Euskadiko Orkestra Sinfonikoak egin duen bira; 36 urte, orkestra sortu zela eta, geroztik, urte bitik behin egin izan du nazioarteko txangoren bat edo beste.

Euskara ialgi hadi mundura esan zuen Detxeparek 1545an, Frantzisko Xabierkoa Japoniara bidean zihoala. Ordurako, Elkanok emana zion erabateko bira mundu osoari, eta Pedro Urtsuak eta Lope Agirrek “El Doradoren” bila ziharduten Andeetan.

Mendez mende euskaldunak jakin izan du mundu zabalera ateratzen, Europan, Ameriketan, Asian zein Ozeanian barrena eta, Caro Baroja eruditoari jaramonik egingo badiogu, Euskal Herriari ondo joan izan zaizkio gauzak kanpora irteten jakin izan duen bakoitzean eta eskas samar, aldiz, zilborrari begira, etxean geratu denetan.

Gaur egungo euskal ekonomiak ez luke urtebete ere iraungo, nazioarteko merkatuetan arituko ez balitz; eta gainerako arloak ere --zientziaz, teknologiaz, ikasketaz, musikaz, literaturaz, kulturaz, hizkuntzaz, politikaz eta bestez-- hanka motz geratuko lirateke geure mugetatik ateratzen asmatuko ez bagenu.

Gernikako Arbola zela-eta, Iparragirrek esan zuen argi asko: eman ta zabalzazu munduan fruitua. Bera ere ez zen izan, etxean geratzen diren horietakoa. Gazte-gaztetandikan, herritik kanpora, estranjeri aldean pasa det denbora…

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

bregenz1920

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Bregenzko Festspielhaus aretoan. abenduaren 8an.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: