Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Munduaren Bukaerarako Trena

Munduaren Bukaerarako Trena

Amatiño 2025/05/14 11:45
Ez da inondik ere ohikoa turismo-informazioa euskaraz aurkitu ahal izatea Euskal Herritik kanpo. Agian, noiz edo noiz bai, euskal erakundeen arduraz nazioarteko azoka eta erakusketetan baina, hortik aurrera, ezer gutxi. Salbuespenik (1) bada, ordea. Non eta Suaren Lurraldean, Ebrotik 13.000 kilometro ingurura, Argentinako Patagoniaren puntaren puntan, Ushuaian: Munduaren Bukaerarako Trena.

Industria-iraultzak erakarri zuen trena Euskal Herrira XIX. mendean, eta, garai berean, Argentinako Suaren Lurraldera, Ushuaiako kartzelara presoak eraman beharrak. “Eraman” diogu, behin betiko presoak (2) zirenez gero trena hutsik itzultzen zen-eta.

Lehen trena, 1884 urtean, xyolobidea izan zen, zurezkoa alegia; eta 1910tik aurrera, berriz “Decauville” izeneko modelu frantsesa, oraingo “tren-txutxuak” baino txikiagoa.

Ushuaiako espetxak belaunaldi luzean zehar iraun zuen indarrean, 1947an Perón presidenteak ixtea erabaki arte, bertako baldintzak eta trataerak batere gizatiarrak ez zirelakoan. Urte bi geroago, Ushuaia eskualdean izan zen lurrikara demasak erabat birrindu zuen presondegia, eta mende erdiz historia hartaz ahaztu zen, besteak beste inori ez zitzaiolako gogoratzerik komeni.

Baina, urteak joan eta urteak etorri, beste hainbat lekutan bezala, turismoa etorri zen antzinako ipuinen kontura historia (eta erabilera) balioestera. Horra non sortu zen, 1994ean “Munduaren Bukaerarako Trena”, eta geroztik hiru hamarkada daramatza paisaia australak bertatik bertara ezagutu nahi dituzten turistei bisita errazten.

Trena hartzeko geltoki nagusia, Ushuaiatik 8 kilomotrora dago. Eta geltokitik garai bateko presondegiraino, XIX mendeko trenaren abiadaz, ordubete eskas, munduan diren eremurik galduenetan barrena. Gero, gainera, trenetik jaitsi eta, bakoitzak nahi duena egin dezake, mokaduren bat jan, mendi-buelta egin edo, nola ez, pare bat antoxinkada mate bero hartu.

Turisten informazio eta laguntzarako, “Munduaren bukaerarako trena”k 12 orrialdeko liburuxka xumea eskaini ohi die bisitariei, edozenbat hizkuntzatan, euskara tarteko, VISA kreditu-txartelaren eta YPF petrolio-enpresa publiko argentinarraren dirulaguntzaz.

Ushuaiako lehen trena
Orain dela 125 urte inguruko presoen lehen trena. Gaurko turistei eskaintzen zaienak bagoi itxiak ditu, berogailu eta guztikoak, baina ez dute orduko xarma naturala...

.

 Munduaren Bukaeran

(Turismo-gidatik jasoa)

“Presoak bagonetetara jaikitzen ziren, eta girgiluz lotuta, oinak zintzilika, uniforme marradunez jantzita (geroago grisak izango ziren), irlako (3) eguraldi txarrari aurre ematen zioten. Espetxean gelditu baino nahiago zuten haraneko haizean, euria, elurra eta eguzkia jasan. Historialari batzuek diote portaera ona zutenentzako saria zela eta, dena den, askatasunaren antzekoa.

Agertzen zaingun irudia, gure oroimenean irmoki sustraitua dagoena, horixe da: zaindariak armak eskuetan, lan egiten duten preosei begira. Hori dena hemen gertatu zen; inguru hauetan eta klima berarekin. Eta hor daude lekuko mutu bezala, enbor moztuak, isilak baina adierazgarriak, Presoen Trenaren epopeia kontatzeko momentuan. Ushuaiako pasai esanezin honetan, berdingabeko Munduaren Bukaeran.

---ooOoo---

1) Hau indazten ari naizela jakin dut Kobarideko (Eslovenia) Kobariski Museoak 11 hizkuntzatan eskaintzen duela gida-informazioa, euskara ere tarteko.

2) Preso arriskutsuak, hiltzaileak, psikopatak, anarkistak... eta, komeniez gero, halakotzat har zitezkeen guztiak, hainbat politikari tarteko.

3) Inork ihes egin ez zezan, espetxea irletako batean eraiki zen. “Sekulako ideia” haren bultzagile eta argimutilen artean Eizagirre zeritzanik ere aipatzen da.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: