Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mundua aldatu botereaz jabetzeke

Mundua aldatu botereaz jabetzeke

Amatiño 2011/08/24 22:00
Gaur egun ezagutzen ditugun industria-motak, garraio-sistemak, metropoli-ereduak eta ezelan ere “inmateriala” ez den informazio-gizarteak porrot egingo dute eta, energia fosilik ezean, elkarren kontrako gerrarik egiteko ere nahiko zeregin izango omen dugu. Gureak egin du.

La Quiebra del Capitalismo Global: 2000-2030. Preparándonos para el comienzo del colapso de la Civilización Industrial  liburuxka da Ramón Fernández Durán ekologista ezaguna zenaren azken ekarpena. Martxoan argitaratu eta maiatzean hil, liburua idatzi zuenean bazekien minbiziak jota hilgo zena. Ehun orrialde inguruko testamentua, haren ondorengoek osatuko duten lan mardulagoaren aurretiko laburpena.

                                                      

Ramón Fernándezi jaramonik egingo badiogu, Industria Zibilizazioaren zikloa amaitzear dago. Beste berrehun eta hirurehun urte iraungo du maldan behera, baina 2030 urterako erabat nabarmenak izango dira lehen ajeak. Energia fosiletan oinarritutako sistemak ez du iraungo, petrolioa lehenik, gasa gero eta, azkenik, ikatza ahitu (2050) ostean. Eta 1970eko hamarkadan etorkizuna prestatzeko dezente denbora bide zegoen arren, geroztik ez omen da ez agindutakorik egin, ez esandakorik bete, ez iradokizun apurrik landu, are gutxiago garatu. Ez dago erakundeengandik ezer itxaroterik eta noizbait burua altxatzeko itxurak edo erakutsitako gizarteak ez omen du geroztik adorerik frogatu. Behiak ez du gehiago ematen. Gureak egin du.

Energia-krisiak, ekologia-kolapsoak eta klima-aldaketak osatzen dute kapitalismo globala uste baino lehenago hankaz gora botako duen hirusta eta, besterik uste arren, klima-aldaketa ez da, denboraren arabera behintzat, hiruetarik larriena. Klima-aldaketaren txanda heldu orduko beste biak dezente lehenago lehertuko dira, Fernández Duranen esanetan.

Honezkero zahar samarrak garenok azken kanpaiarekin batera libratuko omen gara, egun familia hazten eta hezten  ari den “historiako belaunaldirik prestatuenak” jipoirik handiena jasoko du eta orain Facebook, Twitter  eta gainerako gizarte-sareetan jolasean ari diren nerabeek behingoz izango dute fikzioa eta errealitatearen arteko aldeaz jabetzeko abagune latza.

Zenbat eta gizarte teknologikoagoa eta garatuagoa izan, hainbat larriago, eta gizarte txikiek, nekazari-arloak eta baserri-munduak errazago egin ahal izango diote aurre datorren hondamendiari.

Gero, zer? Auskalo, Ramón Fernández berak ere ez daki. Baina kriseilu hau isiotuta utzi  du: “la base de la creación de un desarrollo sustentable debe surgir desde dentro del sistema dominado por el capital, sin formar parte de él, tal como la propia burguesía surgió en los 'poros' de la sociedad feudal” (Magdoff eta Foster, 2010). Edo “cambiar el mundo sin tomar el poder” (Holloway, 2002).

Eta hori, diagnosia zuzena balitz ere, zelan egiten da? Erdi Aro osteko burgesiaren ekimena eredutzat hartuz ote?

Presa600

 Sastarrain errekan tinko dirauen presa, Lilitarrek “lanaren duintasunaren eta mundu berriaren” adierazgarri XVIII. mendean eraikia. Garai hartan Euskal Herriko antapararik handiena, behar bada.

LiiliArmarria400

Lilitarren armarria, ezkerreko zutabearen goialdean

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: