Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mundua 2050 urtean

Mundua 2050 urtean

Amatiño 2011/05/28 00:00
Ez da batere erraza bost urte barrurako aurreikuspenak iragartzea eta zer esanik, beraz, hurrengo berrogei urterako. Baina Laurence C. Smith ausartu da, egin du, eta gainera sinesgarri samar. Asmatuko ote duen… beste kontu bat da. UCLA unibertsitateko irakaslea ez da igarlea, ezta alarma-jolea ere, baina bere ikerketak ez du inor baretu edo lokartu dadin nahi. Smith 2007an Bake Nobel Saria irabazi zuen IPCC* taldearen kide da.

El mundo en 2050 saiakera zientzia eta zabalkundea interes handiz uztartzen dituen emaitza horietakoa dugu. Oinarrizko panorama jakinekoa da: klima-aldaketa, demografia-hazkuntza, etenik gabeko energia-eskakizuna eta munduaren “murrizketa” zein hondamendia. Zer arraio egin dezakegu? Norantza abiatu ote gaitezke lau parametro horiekin?

Laurence C. Smith katedradunak dioenez galdera ez da mundu hau gauza izango ote den 2050 urtean irauteko bederatzi mila milioi biztanlerekin. Zer gerta ere, berak ez omen du batere zalantzarik gizakiaren iraupenaz “nahiz Artikoko artzak eta bakailaoak desagertu”. Galdera besterik omen da, alegia: “zer eratako mundua nahi dugu?”.

UCLAko geografia irakaslearen iritziz, 9.000 milioi biztanlerentzat ezezik, 900.000 milioirentzat ere lekua legoke mundu honetan, animalia handiak uxatuko bagenitu, kapsulatan biziko bagina, alga artifizialak jango bagenitu eta kumunean erabilitako ura birziklatuz gero.  Eta, alderantziz, 900 milioi lagunentzako besterik ez ostera, Aldous Huxley-ri (Bai mundu berria) jaramon egin, gizakiak diseinatzea erabaki eta banaka batzuk paradisuan bizitzea erabakiko bagenu. Aukera gurea omen.

Dena den, datu batto baino ez luzerako iragarpenak egitearen zailtasunaz jabetzeko. Liburua (The World in 2050) 2010eko udazkenean kaleratu zen ingelesez eta aurtengo maiatzean, berriz, gaztelaniaz. Tartean, martxoko tsunamiak Fukushimako zentral nuklearra astindu zuen eta gure professor Smith-ek energiari eskainitako kapitulu guztia zaharkitua geratu da zenbait hilabete urritan. Eta ez, jakina, geroztik munduak zentral bat galdu duelako, hainbat urtez ezezko joera nagusitu ostean hauspotzen ziharduen nuklearzaletasuna berriro naretu delako baino. 

   

Berrogei urte barru bizimodurik aurreratuena eta aberatsena Artikoaren itsasbazterretan bilduko ei da. Lekua hartzen hasteko garaia orain omen. Bihar gaur da.

 

*IPCC - Intergovernmental Panel on Climate Change

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: