Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mugalarien Europa

Mugalarien Europa

Amatiño 2024/05/25 10:45
Europa omen da kulturaz, hizkuntzaz nahiz ekonomiaz, egungo gizarterik globalduena eta kosmopolitena. Zentzu honetan, Europa litzateke politikagintza berriaren paradigma, elkarmendekotasuna gero eta premiazkoago den munduan. Beste modu batez esanda, europar integrazioaren prozesu politikoa eredugarrienetakoa liteke, munduan barrena burujabetzari irtenbidea eman ahal izateko zorian.

Orain sei hamarkada, euskara batuaren eztabaida (1968) pil-pilean zen hartan, Luis Villasante euskaltzainburuak sarri esaten zuen Euskaltzaindiak proposatutako eredua ibai izoztuaren pareko zela. Hau da, euskara batua gaineko ur-geruza hormatua izan arren, azpiko isurbideak bere kasa jarraitu beharko zuela, ahalik eta bizien, tokian tokiko berezitasun eta aniztasunez. Beste horrenbeste esan daiteke Europaren Batasunaz ere.

Europa ez zen 1950eko hamarkadan sortu. Milaka urte lehenagotik ginen europarrak. Historiaurreko labar-artea Eskandinabiatik Mediterraneoraino hedatu zen. Geroztikako kultura grekolatinoaren zabalkundea jakinekoa da, eta Erdi Arotik aurrerako tradizio europarrek jatorri bertsukoak dira, oro har. Xabier Zubiri filosofo donostiarrak esana da, kultura greziarrak, legeria erromatarrak eta erlijio israeldarrak osatzen dutela “giza-espirituaren sorkuntzarik handienetakoa”. Zalantzarik ez, Europak ez duela beti jator eta eskuzabal jokatu “espiritu” hori munduan zehar barreiatzeko orduan, baina, gerta ala gerta, Europa da demokraziaren eta giza-duintasun, askatasun zein eskubideen jatorria.

II. Mundu Gerraren (1939-1945) ondoren, Robert Schumanek Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa (CECA, 1950) proposatu zuenean, ez zen arrazoi ekonomikorik izan, ikatza eta altzairua gerrarako lehen gaiak zirelako baizik (1). Aurretiko pauso hura bake-egitasmo iraunkorraren lehen urratsa baino ez zen izan: “Europa-ideia honek azaleratu ahal izango ditu gure kulturaren jatorri eta oinarri bateratu guztiak”.

Ez da beti gogoan hartu Europako Batasunaren “aita fundatzaileak”, Schuman, De Gasperi eta Adenauer kasu, muga-gizonak izana. Schumanen aita Frantziako Lorrena eskualdean jaioa izan arren, Schuman bera sortu zenerako Lorrena alemana zen. I918an,  I. Mundu Gerra amaitu ahala berriro frantsesa. Hitlerren inbasioak beste behin alemaniartu zuen 1940an, eta naziek gerra galdu ostean, berriz ere, Frantzia izatera pasatu zen.

Alcide De Gasperi, ostera, Austriako Trento eskualdean jaio eta Vienako Parlamentuko diputatua izatera iritsi zen. Baina 1918an, I. Mundu Gerraren ostean, Trento Italiako Trentino (Alto Adigio) bihurtu eta, 1945ean, Italia guztiko gobernu-presidente izatera heldu. Konrad Adenauer, berriz, Renaniako semea, erromatarren denboretatik galiarren eta germaniarren arteko kulunkan hazia eta hezia.

Daniel Innerarityk dioenez (El nuevo espacio público, 2006) Europa da seguru asko “herri mugatu eta homogeneo bat, jatorri komun bat, hizkuntza- eta kultura-batasuna, eta barne-kohesiorako baliagarria izango zen kanpoko etsairen bat eskatzen zuten horien abertzaletasun ideologikoaren beharrik gabe eratzen den lehen entitate politikoa. [...] Estatu Batuekin kontrajartzeak Europari behar ez duen legitimitatea eman nahi dio, beste balio mota batzuetan oinarritzen baita".

Europako zein Ameriketako azterlaririk gehienak bat datoz onartzerakoan, egungo Estatuek dituzten arazoak mugez gaindikoak direla eta nekez konpon daitezkeela burujabetzaren logikaz. Europarrok nazioarteko negoziazioetan ohituak diren artean, Estatu Batuek eta Errusiak, esaterako, euren ustezko nagusitasuna askitzat jotzen dutenez gero, ez dira nonbait jabetzen elkarlaguntzaren onuraz eta bakarrik aritu izanaren ahuleziaz.

Are, Europa omen da kulturaz, hizkuntzaz nahiz ekonomiaz, egungo gizarterik globalduena eta kosmopolitena. Zentzu honetan, Europa litzateke politikagintza berriaren paradigma, elkarmendekotasuna gero eta premiazkoago den munduan. Beste modu batez esanda, europar integrazioaren prozesu politikoa eredugarrienetakoa liteke, munduan barrena burujabetzari irtenbidea eman ahal izateko zorian. 

1) Schumanen Adierazpena: "Horrela sortuko den ekoizpenaren elkartasunak erakutsiko du pentsaezin ez ezik ezinezko bihurtzen dela Frantziaren eta Alemaniaren arteko gerrarik gertatzea. Batasun ekonomikoaren benetako oinarriak ezarriko ditu ekoizpen-unitate indartsu hori ezartzeak; parte hartu nahi duten herrialde guztiei irekia izango da, eta bere baitako herrialde guztiei aukera emango die industria-ekoizpenerako oinarrizko gaiak baldintza berdinetan hornitzeko."

enpresabidea

Schuman, De Gasperi, Adenauer
Robert Schuman, Alcide De Gasperi eta Konrad Adenauer, mugalariak.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: