Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mugakidetasuna, kutsatze-faktore gisa

Mugakidetasuna, kutsatze-faktore gisa

Amatiño 2022/01/20 08:00
Covid pandemia dela-eta, Europako kutsatuen kopururik gorenak Andorran jo zuen goia aurreko astelehenean: 7.802, ehun mila biztanleko. Egun berberean, Errumanian izan zen kutsaturik gutxien: 480. Demaseko aldea gero; batek daki zergatik.
Mugakidetasuna, kutsatze-faktore gisa

Danimarkako penintsula

Aurreikuspenak, estrategiak, osasun-zerbitzuen kalitatea, ongizate maila, kudeaketa-ganora, gizarte-mugikortasuna, jendearen konpromiso zibikoa… bada baldintza genetikoak ere oinarritzat jo izan dituenik. Auskalo. Esanak esan, kontua da, ordea, ez honetaz eta ez hartaz, ez dagoela batere nabaritasunik. 

Europako herrialdeetako datuak gaingiroki behatuz gero, berriz, nabarmen samar  suma daiteke zein berdintsuak suertatzen diren elkarrekin mugak dituzten estatuen kutsatze-kopuruak.

Hau da, bi muturretan Andorra (7.802) eta Errumania (480) biltzen dituen Europan, kasualitatea al da Portugal (4.476), Espainia (3.400) Frantzia (5.284) eta Italiaren (4.014) arteko nolabaiteko parekotasuna? Estoniak (1.952), Letoniak (1.461) eta Lituaniak (1.663) ez al dute irudi berdintsua eskaintzen? Alemaniak (977), Eslovakiak (785), Hungariak (726) eta Poloniak (596) beste mugakide-talde bat osatzen duten bezala,  eta Finlandiak (2003), Norvegiak (2097) zein Suediak (2.366) elkarrekin azaltzen duten legez. Orobat Austriak (1.908), Herbehereak (2.449) eta Belgikak (2.604). Eta, era berean,  Luxenburgok (3.530) eta Suitzak (4.191).

Alegia, herrialde bakoitzeko tokian tokiko egoerez, jarduerez eta barne-arrazoiez gainera, mugakide izateak baldintzatzen ote ditu emaitzak? Hurbilagoko adibidea jarriz, Espainiaren batez besteko kutsatze-maila 3.530koa izanik, segurutik barne-arrazoiren bat izango da Bizkaiak, Gipuzkoak, Nafarroak eta Zaragozak 6.000tik gora kutsatu biltzeko bakoitzak*, baina, lauak, errenkadan, mugakide izatea, kasualitate hutsa al da?

Mugakidetasunak baldintzak –eta emaitzak— pareka ditzakeela froga lezakeen sasiarauak badu, ordea, salbuespenik. Danimarka (5.637) da, Andorraren (7.802) ondotik, ehun mila biztanleko kutsatu-kopuru gehien duen estatu europarra. Baina, Danimarka, Alemaniarekin (997 kutsatu) partekatzen duen itsasadar laburrraz (68 km.) aparte… penintsula da, 7.500 kmko itsasbazterrez inguratua.

Tira, Andorra da pasabide eta turista-herria, non “edozer” gerta daitekeen. Baina Danimarka, erdiuhartea izateaz gainera, munduko herrialderik garatuenetakoa da. Zein da Danimarkaren ajea? Zerk parekatzen ote ditu biak?

*Arabak 5.000tik gora.

Asier
Asier dio:
2022/01/20 11:43
Beharbada PCR test kopuruak parekatuko ditu biak. Euskal Herriko datuetan bederen, faktorerik garrantzitsuena egiten diren PCR kopurua izan da. Geroago eta test gehiago 100.000 biztanleko, geroago eta "kutsatu" gehiago. Bapatean test kopurua igota, olatua sortuta. Jakin beharrekoa beraz, zenbat test egin diren, datu hori gabe, azterketa eta ondorioak, hankamotz.
Ah, eta Errumania, txertatze kopuru gutxien duena, edo gutxienetakoa askogatik.
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2022/01/20 16:18
Andaluzian ere tasa oso baxua omen daukate:

https://www.elplural.com/au[…]s-autodiagnostico_282504102
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: