Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mosela, uraz haraindi

Mosela, uraz haraindi

Amatiño 2021/07/30 11:30
Kristo osteko 220 urte inguruan, Mosela ibarreko ardo-merkatari aberatsen batek eginarazi zuen hilobi-monumentua, zeinean irudikatzen den ardo-upelak garraiatzen dituen ontzia, sei arraunlari eta lemazain bi tarteko. Harrizko hilobi galant hau XIX. mendean aurkitu zen Neumagem herrian eta, besteak beste, frogatzen bide du ardoaren ekonomia zein errotua zegoen ordurako Mosela haranean. Ildo beretik dirau* 1.800 urte geroago.
Mosela, uraz haraindi

Bernkastel

Ia bi mila urte geroago, etenik gabeko mahasti naroek janzten dute, meandro jirabiratsutan zehar, egungo Mosela ibaiaren arroa, Luxenburgotik nahiz Metzetik (Frantzia) abiatu, 250 kilometro inguruko bidegorri zainduaren** barrena Koblentzaraino (Alemania), Rhin nagusiarekin bat egin arte.

Mosela historia luzearen jabe da, ez baita alferrik bertako hiririk nagusiena, Treveris,  (k.a.) 16 urtean sortua. UNESCOren Gizateriaren Kultura Ondare, Treveris hiri zaharrak denetarik eskaintzen du: erromatarren garaiko termak, anfiteatroak, galeriak eta harresiak… Erdi Aroko eliza gotikoak, gurutzeagak eta judu-auzoak… merkatu-plaza barrokoak, sekulako katedrala eta nahi adin eliza… baita gero eta bisitari txinatar gehiago (150.000 urteko) erakartzen dituen XVIII. mendeko Karl Marxen jaiotetxea ere.

Treveris, Traben-Trarbach eta Cochem diren arren eskualdeko hiririk handienak, merezi ere merezi dute sartu-irtena Bernkastel edo Belstein bezalako herrixka erromantikoak, nahiz turismoa lartxo bertaratu. Turistek ez ikusi egin arren, ostera, kontuan hartzekoa da Enkirch herri txikerra, “errenaniar herri-arkitekturaren altxorra”. Enkirch estu, apal eta isilak Harri Aroko aztarrenak ditu, zeltak eta erromatarrak abegi onez hartu zituen eta, mendeak joan eta mendeak etorri, Moselako ardorik ontxoenetakoa*** eskaintzen darrai.

• Moselan 15.000 hektarea mahasti daude eta 36.000 ardogile. Errioxan, 15.000 ardogile, 65.000 hektareatan.

** Luxenburgotik irtenez gero, Remichen Mosela ikusi arte, galbiderik ere bada.

*** Aukeran, esango nuke esan, gure txakolin garratz samarrekin edo Errioxako zuri lehorrekin alderatuz gero, Moselako ardorik idorrenari ere goxo-punttua antzematen zaiola.

Mahastiak
MAHASTIAK. Ikuskizun lasaigarri hutsa, gero, makina bat kilometro luzetako mahastien artean, bizikletaz ibiltari.

Neumagem
NEUMAGEM. Orain dela 1.800 urteko hilobi-monumentua, non irudikatzen den ardo-upelen garraioa.

Porta Nigra
PORTA NIGRA. Ate beltza. Treveris hiriaren portale nagusia, 180 urtekoa. Munduan dirauen sarrera erromatarrik handiena.

Konstantino basilika
KONSTANTINOREN BASILIKA. Sortzez, 310 urteko galeria erromatarra. Gaur egun, eliza ebanjelikoa. Zutunik dirauen antzinako espaziorik handiena.

Cochem
COCHEM. Ilundu aurretik heldu ginen merkatu-plazara.

Deutsches Eck
DEUTSCHES ECK. Koblentzako txoko edo mutur alemana. Argazki ezkerrean, Mosela. Eskuianaldean, berriz, Rhina.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: