Montserrateko Andra Mariak har gaitzala altzoan
Kataluniako korapiloa nabarmen estutu zen Alderdi Popularrak Konstituzio Tribunalera eraman zuenean, 2006an, Kataluniako zein Espainiako parlamentuek eta katalanen erreferendumak onartutako estatutua. Gero gerokoak. Hamahiru urte geroago, ez Konstituzio Tribunalak eta ez Alderdi Popularrak ez dute hausnarketarik txikiena egin, orduko aukera hura hankaz gora botatzeari leriokeen erantzukizunaz.
Nahita ere, Pedro Sanchezek ezin izango lioke Kataluniari eskaini, orain, Zapaterok orduan proposatu zuen aterabidea, gaur eguneko Kongresoaren indar-oreka nabarmen kontrakoagoa izateaz gainera, hobetzeko batere itxurarik sumatzen ez delako.
Zaharrok badugu atzera begiratzeko tentaldia eta aurreko hamabost egunetan Bartzelonan igarotako gertakariek ikaragarri gogorarazi didate 1968ko maiatzean Parisen izandako gatazka.
Segurutik, Parisko eta Bartzelonako auziak berdinezak dira jatorriz, baina bietan elkartu ziren, ezustean, ikasleak eta langileak, bietan suspertu zen ustekabean barrikadetako bortizkeria, bietan antolatu zen gatazka, gidari argiegirik gabe eta erakundeetako agintarien noraezaz, eta, orduan bezala, oraingoan ere, hauteskundeak etorriko dira ondotik...
Ez dakit zer jazoko ote den Espainian azaroaren 10eko hauteskundeetan, baina zehatz jakina da zer pasatu zen Frantzian 1968ko bozketetan. Beroaren beroaz sekulako iraultza etorriko zelakoan, ezkerrak aulki erdiak baino gehiago galdu zituen eta eskuinak izugarri irabazi. Jokoan zeuden eserlekuetatik, eskuina ehuneko laurogeiaz jabetu zen eta ezkerrak ehuneko hogei baino ez lortu.
Oraingoan zer gertatuko ote den? Auskalo! Erantzuna, azaroaren 10ean. Montserrateko Andra Mariak har gaitzala altzoan.