Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Montgarri, jarraitzailerik gabeko ama birjina

Montgarri, jarraitzailerik gabeko ama birjina

Amatiño 2018/07/17 09:00
Montgarriko andre maririk izan bada, baina ez dirudi batere emakumerik dagoenik izen horrekin, ez Aran haranean, ez eta Katalunia osoan ere. Harritzekoa da, makinatxo bat andremari-izen “gaiztoagorik” bai baitago neskatilak bataiatzeko. Esaterako, Sancho Abarca izeneko 30 emakume inguru bizi dira Aragoin. Ipini egin behar zaio, gero, horrelakorik haur jaio berriari! Hori ere kultura da, nonbait.

Montgarri santutegia Aran haraneko Beret naban dago, 1645 metrotan, Nogera Pallaresa errekaren ezker ibarrean. Nahiz egungo eraikin nagusia XVI. mendekoa izan, tradizio zaharrari jaramonik egingo badiogu Ama Birjinaren irudia 1118 urtean agertu omen zitzaion hainbat bider artzain bati eta, geroztik, bertako artzain guztien zaindaria izan da bederatziehun urteotan.

Gaur egun, antzinako monasterioa da mendi-ostatu dotorea, nongo atarian Ternua jantziak erosi daitezkeen. Gu 12 kilometroko (joan-etorria) bidezidorrean barrena heldu ginen arren oinez, turismo modernoaren eraginak erakarri du autoz bertaraino iristeko galtzada.

Denboraz, behar bada, turistentzat, baina berandutxo bertako montgarritarrentzat. Orain dela hamar urteko erroldaren arabera lau lagun baino ez ziren orduan bizi auzoko herrixkan eta egun, berriz, inortxo ere, erabat gainbehera, isilik-misilik iraun dirauten harri-hondakinetan.

Ez da, gero, sekula izan bizi izateko inguru gozoa. Urtean zehar batez besteko tenperatura 5 gradukoa baino ez da eta, bi egunetik behin, izotza. Urbian beste euri egiten du baina, %70etan, elur-malutaz.

Udaran, mendizaleen eta mendi-bizikletaren paradisua da eta neguan, aldiz, mendi-eski, iraun-eski eta txakur-narren "Erromako zubia". 

Auskalo montgarri izena nondik ote datorren. Sustraia, -mont, garbi samar dago; -garri, ostera, ez askorik. Nik dakidanez –garri ez da ezer egungo okzitanieraz. Aragoieraz, berriz, garri esaten diete --oraindik ere eta gaztelaniaz ari direla-- handikote eta zakar samarrei. Mendi-laguna dut nik, izengoitiz “Garri” dena. Ez dut  esango zakarra denik, baina galanta, behintzat, bai horixe. 

Montgorri2

Montgarrin, aurreko larunbatean. Goian, ezkerraldean, oraindik ere elur-zantzuak

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: