Mont Ventoux: haizetsua ez ezik, mitikoa eta zirraragarria
Errepidez hiru igoera dituen arren, ohikoena ateratzen da Bedoin herritik, non suspertu den ageri-ageriko txirrindu-turismoa. Bizikletak edonon, sektoreko denda aproposak ugari eta adin guztietako jendea, hamaika koloretako kulotez eta elastikoz jantzia, terrazetan* garagardoa edaten. Lagunarteko berriketa-gaia, berriz, bat baino ez: Mont Ventoux. Eguerdi aldera, goizean egindako zertzeladen berri emateko eta, iluntzean, biharamunean egin beharreko handinahiak amesteko.
Bedoin herria 300 metrotan dago eta Mont Ventoux gaina, berriz, 1912 metroko altueran. Hau da, 1600 m. inguruko desnibela, 21,5 kiometroko tarteaz eta, batez beste, %8 inguruko aldatsaz. Sekulako igoerarik bizkorrena Iban Mayo igorretarrak egin zuen 2004 urtean, 55:51 minutuan, 23,10 km/h. Zikloturista normalak bi ordu luze behar izaten ditu eta, aldi berean, bizikleta elektrikoaz ez da batere zaila orduko 10 km. egitea.
Lehen 15 kilometroak basoan zehar abiatzen dira, Reynard Chalet aterpe ospetsuraino. Handik gorako 6 kilometroetan kareharri zurixka baino ez dago, ilargi-paisaiaren itxuraz, gailurreko dorrea beti ere begi bistan, benetan zirraragarria.
Txirrindularitzaren historiak eman dituen irudi ikonikoetako hainbat Mont Ventoux aldapetan gertatutakoak dira. Eddy Merkx txapeldun handiari behin baino ez zioten eman behar izan oxigenoa berenera etortzeko, non eta Mont Ventouxen; ez da ohikoa txirrindularia maldan gora bizikletarik gabe antxintxiketan ikustea, baina Chris Froomen irudi ezohikoak, Mont Ventouxen, interneten daude; eta txirrindularitzaren historiak inoiz ahaztuko ez duenez, Tom Simpson ingeles txapelduna ez zen sekula goraino heldu.
Put me on my bike!
Tom Simpson ordu arte sekula izandako txirrindulari britainiarrik handiena zen. Besteak beste, domina olinpikoa (Melbourne, 1956), munduko errepide-txapelduna (Lasarte, 1965) eta Paris-Niza klasikoaren irabazle (1967ko martxoan). Hain zuzen ere, urte bereko uztailean, Frantziako Tourrean parte hartu zuen, aurrenen artean geratzeko itxaropenaz, baina ez zuen Mont Ventoux tontorra gainditzerik izan.
Gailurra baino kilometro eta erdi lehenago, urik ezaz, beroak jota, patxarra edanda eta anfetaminaz lepo, sigi-sagaka hasi, bizikleta gainetik erori eta “put me on my bike” (jar nazazue nire bizikletan) erregutu arren, ez zuen jarraitzerik izan. Konortea galdu eta errepide-bazterrean zerraldo geratu zen, behin betiko, gorpua helikopteroz eraman bazuten ere. 29 urte zituen.
Mende erdi geroago, irudi latzek indarrean diraute Internetez. Heriotza gogorra da, bai: zer esanik ez fikzioa ez bada; eta, areago, aurrez aurre gertatzear dagoenean. Hurrengo urtean ekin zitzaion, txirrindularitzaren munduan, dopinaren kontrako kontrolak egiteari. Simpsonen heriotzaren aurreko eta osteko marra gorria.
Tom Simpson zenaren omenezko oroitarria jarria dago egun, Mont Ventoux gaina baino lehentxoago. Haren zaleek gomutaz eta omenetan utzitako denetariko oroigarritxoak daude bertan. Baita Tom Simpsonen beraren bi seme-alaben brontzezko grabatu txikia ere, ingeles errefrauaz. Ez neukan non idatzi baina, oker ez banago, ideia honako hau da: “beti gelditzen da igo ezinezko mendiren bat…”
Ez da, gero, batere samurra izango, ia aitarik ezagutu ez eta, nagusitu ahala, horrela gogoratu behar izatea.
* Bidasoako mugatik hona ez bezala, mugaz hara, Reynard Chalet aterperaino, taberna, jatetxe eta autopistako ´restop` guztietan, Covid-19 txertaketaren agiria eskatzen dute edozer zerbitzatzen hasi aurretik.
Justizia Auzitegi Nagusiaren iritziz, COVID ziurtagiria exijitzeak, biltzeko, ibiltzeko eta adierazpen zein arte-sorkuntza askatasunak murrituko lituzke. Gainera, epaileen ustez, erkidego osoan datuak berdinezak direnez, nekez onar daiteke autonomia guztian neurri bera ezartzea.
Segurutik arrazoi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, baina ni urriaren lehen astean, datuok orain baino nabarmen hobeak zirela, Debatik Mont Ventoux gailurreraino (750 km.) joan nintzen eta, sartu behar izan nuen bazter guztietan (restopak, dendak, supermerkatuak, ostatuak, jatetxeak, tabernak eta terraza irekiak), COVID ziurtagiria erakutsi behar izan nuen “bon jour” esaten hasi aurretik.
Lekutan dira, nonbait, Frantziar Errepublikan, biltzeko, ibiltzeko eta adierazpen zein arte-sorkuntza askatasunak.