Monitore profesionalen ardura eta erantzukizuna
Orain dela hamabost egun bilbotar bat hil zen Alpeetan eta, aurreko astean, beste bi gazte bertan geratu ziren, irakaslearen atzetik zihoazela, beste zortzi ikaskiderekin batera. Polizia frantsesak monitorea atxilotu du, bororondatebako gizahilketa egotziz.
Urtero gertatu ohi dira honelako istripuak elurretan. Candanchun azken urteotan izandako larriena 1985eko San Sebastian egunez izan zen. Elur-jausiak harrapatu zuen 11-15 urte bitarteko hamalau laguneko euskal eskiatzaile-taldea. Lau onik atera ziren bere kasa, hiru bizirik aurkitu zituzten elurpetan erreskate-taldeek, eta zazpi, 30 urteko gidaria tarteko, hilotzik zeuden heldu zirenerako. Poliziak ez zuen entrenatzaileari kontuak eskatzerik izan.
Zenbaitek pentsa lezake istripu hauek leku zail, ezkutu eta urrunetan gertatzen direla baina, gezurra dirudien arren, edonor ibili daitekeen inguruetan jazo izaten dira, oso ohiko igarobideetan, begi bistan. Eta edozein arrisku saihesteko bete beharreko segurtasun-arau bakarra zera da: apropos eta propio zapaldutako pistetatik ez ateratzea.
Gaizki dago nerabe gazte eta ausartak, abentura bila pistaz kanpo aritu nahi izatea, baina gazte-taldearen ardura eta erantzukizuna duen irakaslea, entrenatzailea, monitorea edo dena delakoa premiarik gabeko arriskutan sartzea…
Candanchu, gaur eguerdian. Pista itxiaren barrenean, erreskate-taldea (goardia zibila eta txakurrak tarteko) eskiatzaile elurperatuaren bila. Hiru gazteetarik bi, neskak, bere kasa irten omen dira. Hirugarrena, ostera, mutil eibartarra, erabat "urdínduta" atera ahal izan dute, ia bi metroko sakonetik, hogei minuturen bueltan, oxigenorik gabe geratzen ari zela.