Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Modernité eta frivolité

Modernité eta frivolité

Amatiño 2016/06/30 00:05
Charles Garnier paristar arkitekto ospetsuak Paris-Tarifa-Paris bidaia egin zuen 1868ko maiatzean zehar; besteak beste, estreinako, trenez egin ahal izateko baino ez. Modernismoaren erronka, nonbait. Eta horra zergatik, Donostiatik Gasteiza joateko, Zumarragatik eta Altsasutik pasatu behar izan zuen; hots, ia mende eta erdi geroago euskaldunok oraindik konpondu ez dugun ibilbide sasi-moderno horretatik.

Artean, 1868an alegia, Garnier Parisko Opera eraikitzen ari zen eta, antza, igeltsero sumeak lanean utzi eta hainbat egunetako oporraldia hartu ahal izan zuen gure arkitektu jaunak, lasai asko Europaren hego-muturra ezagutze aldera-edo. Maiatzaren 3an Paristik atera eta, hilaren azken arte, Bordelen, Valladoliden, Madrilen nahiz Sevillan barrena, Tarifako puntaraino heldu zen eta, handik gora, Mediterraneo bazterretik, Bartzelona, Montpellier, Avignon eta, berriro, Pariseraino.

Emaztea eta adiskide bi izan zituen txango “exotiko” hartan lagun eta, lauron artean, bidai-egunkaria osatu zuten, bertsotan eta ironia-moldetan idatzia, lekuan lekuko marrazki eta guzti.

XIX. mendean tankera horretako bidaiak ohikoak izan ziren hainbat artista eta idazleren artean, eta Euskal Herriraino iritsi zirenek – Humboldt, Víctor Hugo, Borrow, Gautier eta beste hainbat kasu— kontakizun zeharo esanguratsu eta interesgarriak utzi zizkiguten. Ez da hau, ordea, Charles Garnierren kasua.

Garnier eta bere hiru bidai-lagunak maiatzaren lauean heldu ziren Aturri ibaira, eguerdi aldera, eta biharamun arratsaldean iritsi Mirandara, Donostian lo egin eta Gasteizen bazkaldu ostean. Hala ere, gauza izan ziren esateko --bertsotan, eta ea trenetik jaitsi gabe—, Baiona ez zela lar polita, Biarritzen ez zela Litz jaio (errimatarako lizentzia hutsa), eta aduana soil eta taberna-zulo baino ez Irun, non arraina ez zen batere fina. Donostia, berriz, atsegina eta Gasteiz gogotik xarmanta eta abegitsua, musikari txapelgorri eta guzti. Beraz, modernité … bai, baina baita “frivolité” ere.

 .

 Gasteiz, 1868 urteanDieu quelle ville charmante / quelle place carinante - Une eglise sur un perron / / avec un clocher dans le fond - Une vierge dans une niche / come de Paris je me fiche.

Aukeran, testua baino adierazgarriagoak dira marrazkiak. Baionakoak, Donostiakoak, Zumarragakoak nahiz Gasteizkoak… Eta izugarri ederra, berriz, txukuna txukunik bada,  argitalpena

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: