Missouri
Filma, hasi eta buka, gehiegikeria hutsa da. Handik eta hemendik hartutako hainbat klixeren eta estereotiporen antologia, non, mendekuaren haritik, arrazakeria, matxismoa, demagogia, gorrotoa, iseka, irain-irria, bekaitza, ankerkeria, amorrua, sasilirismoa, poliziaren ez ikusi interesatua eta antiklerikalismo-punttua elkarrekin jartzen diren dantzan, etenik gabe. Sentsazio atsekabeak a gogo.
Sekulako aktoretzarra Frances McDormand estatubatuarra, martxoaren 4ean bigarren Oscarra irabazi lezakeena (Fargo, 1996). Benetan apartekoa, alabaren bortxaketa zer gerta ere mendekatu nahi duen amarenak egiten. Apartekoa ez ezik, aproposa nonbait, McDormandi berari baino ez baitzioten gidoia hasiera beretik eskaini.
Filmaren giro gordinari bagagozkio, badirudi historia 1960ko hamarkadan-edo gertatzen ari dela baina, halakoren batean, “google” aipatzen da pasadizoan eta, bistan da, zorioneko amerikar ametsa urri samar heldu dela Missouriko zenbait bazterretaraino. Martin Luther King-en prediku-garaia baino, Donald Trumpen boto-harrobia, antza.
Pantaila beltzera joan eta aretoko argiak isiotu ahala, ikusleak zalantzaz igurzten ditu begiak, zuzendariak (Martin McDonagh) benetan asmatu ote duen sartu den zulotik ganoraz atera ezinik, ala hasiera beretik gertaera latz eta zakarrak zamatu baino ez ote duen nahi izan.
Gure ama zenak esan ohi zigun mutikotan, ez zela liburu txarrik; denek zutela onetik zerbait. Segurutik, are errazago filmetan, txarrenean ere lehenago amaitzen dira-eta.
Mildred Hayes (Frances McDormand). Tres anuncios en las afueras.