Miren Jone Azurza, kazetari aitzindaria, zendu
Kazetari aitzindaria ez ezik, euskal kazetaritza modernoaren eragile ere izan zen eta 1960ko hamarkadaren hondarretik aurrera suspertu zen gerra osteko lehen euskal kazetari andanaren erreferentzia profesional nagusia (2).
Elixabete Garmendiak azpimarratu bezala, “epikari baino toki gehiago eman izan zion Miren Jonek egunerokoari”. Lan isildua, lan kementsua, lan jarraitua… ezelako batere protagonismorik gabe. Miren Joneren betidanikako izaera egungo ohiko jarreren antipodetan garatu izan zen, urterik gaiztoenetan, zailtasun guztien gainetik eta zentsura guztien azpitik.
Zeruko Argia astekariaren zuzendari (1967-1975) eta Deia egunkariaren kultura-erredaktore 1976tik aurrera, 1990 urtean erretiroa hartu arte. Hala ere, jubilatu ostean, sei urtez aritu zen, bolondres, Jose M. Setien gotzainaren prentsa-bulegoan.
Duintasunaren oreka da, segurutik, Miren Joneren ibilbide profesionalaren adierazgarririk nagusiena. Duintasuna, zer gerta ere bizitzari aurre egiterakoan; duintasuna, hainbat bokazio, erabaki eta norabidetan; duintasuna, lanbidean, lan-giroan, talde-kudeaketan zein giza-harremanetan; eta duintasuna, besteak beste, nornahi zelarik, lagun hurkoarekiko begirune eta atxikimenduan. Egungo burtsetan askorik kotizatzen ez den kristau-duintasuna.
Ohorezko Rikardo Arregi Kazetari Saria jaso zuen 2011an. eta Ohorezko Euskaltzain izendatu zuten, berriz, 2018an.
(2) Inoiz aipatzen ez den arren, 1970eko hamarkadatik aurrerako euskal kazetaritzaren susperraldiaren lehen erreferentziarik nagusienak, Hegoaldean zein Iparraldean, bi emakume izan ziren: Miren Jone Azurza (Donostia, 1929-2022) eta Maite Barnetxe (Bidarrai, 1941 - Biarritz, 1986)