Miramon
Sortze beretik ETBk bazekien 1983an bere ekoizpen-egitasmoak zutabe bi nagusi zituena: albistegiak Iurretan eta fikzioa Donostian. Sekula hitzez hitz argi adierazi ez arren, albistegiak Iurretan kokatuz saihestu nahi izan zen Bilboren larregizko protagonismoa eta hiru lurraldeen arteko oreka aldeztu. Donostiako ekoizpen-zentruarekin batera, berriz, Gipuzkoari euskaldungoaren ardatz izana aitortu.
ETBren zuzendaritza utzi aurretik (1986) nik sinatu nuen azken kontratua Miramongo eraikuntzari zegokiona izan zen. Lau urte geroago berriro ere zuzendari gisa itzuli nintzenean egina zen eta lanean hasia. Gogoan dut Xabier Arzalluz izan genuela behin bisitari eta, autotik atera ahala eraikintzarra aurrez aurre estreinako ikusterakoan galdetu zidala: “Hau guztiau zerbaitetarako erabiltzen al dezue?” Eta nik pentsatu nuen: “Hau baldin bada Euskal Herriko gizonik informatuenak dakien guztia, komunikazio-arazo latza daukagu”.
Zer gerta ere, Miramonek hazten eta handitzen jarraitu baino ez du egin geroztik oraintsu arte. Aurreko zuzendaritzak ere hainbat ezarpen egin zuen. Gogoan izan, esaterako, lau urte baino ez direla, plato guztiak gainezka eta, 1.200 metroko biltegia platotzat egokitu behar izan zela Goenkale egiteko. Egun ez litzateke horren beharrik izango. Paradoxa honek frogatzen du zein laster aldatu diren hainbat egoera ETBren barne-jardueran.
Donostiako Ekoizpen-zentrua, Miramonen
Baina ez litzateke justua izango Miramonen egungo erabilpen urria oraingo zuzendaritzari bete-betean leporatzea. Errealitatea beti da konplexuxeagoa. Egia da, bai, ETBren diru-kontuak nabarmen murriztu direla azken urte biotan eta egungo zuzendaritzak ez diola –edo ezin izan diola— aurreko ekoizpen-mailari eutsi. Baina egia ere bada, Iurretako instalazioak Bilbora eraman zirenetik ETBren ahalak dezente gehitu direla Bizkaian eta, harrezkero, Donostiaren aukerak maldan behera jaitsi direla. Are gehiago, oso oker ez banago, EiTBk 1.000 metro karratuko lokala du oraindik hutsik Bilboko egoitzan eta, nahi izanez gero (beharrezko diru-ezarpena gogoan hartzeke), teoriaz behintzat, Miramongo zerbitzurik gehientsuenak Bilbon sartuko lirateke.
Izan ere, aurrekontuez, estrategiez, egitasmoez eta bestelako ipi-apa guztiez gainera, 1982an ETBren filosofia baldintzatzen zuten hiru oinarriak erabat aldatu dira hogeita hamar urteotan.
Batetik, albistegiak Bilbora igaro dira eta --Gasteiz erruz indartzearekin batera-- inork ez du erabaki horretan bizkaitarkeriarik edo alderdikeriarik sumatu, informazio-arloan metropoliaren buruzagitza aitortuz. Azken hiru hamarkadotan Bilbok orduan ez zuen nagusitasuna irabazi du informazio-alorrean, Jaurlaritza eta Legebiltzarra Gasteizen kokatu arren.
Bestetik, zeinahi delarik lurralde bakoitzaren euskalduntasuna, gaur egun ez du inork esango -- telebista-esparruan behintzat— Gipuzkoako produkzio-eskaintza Bizkaikoa baino joriago edo oparoagoa denik, edo euskarazko programak egiteko Donostiaraino joan behar denik.
Eta, hirugarrenik, 1982an ez zegoen euskal merkatuan batere telebista-azpiegiturarik eta erakundeek bete behar izan zuten gizartean zen hutsunea. Egun, ostera, gizarte- zein enpresa-ekimena askoz ere handiagoa da eta erakundeek ez dute honezkero den-dena egin beharrik.
Baina, jakina, enpresa-ekimenek sortu eta iraungo badute, ETBk zaindu eta jagon beharko ditu. Eta, abiada honetan, aurrekaribako gainbeherakada sekulako honetan, ETBk ekoiztetxe pribatu guztiak itxiaraziko ditu, nahiz ETBren sortze-arrazoietako bat bertako produkzioa sustatzea izan, hain zuzen ere.
Diotenez, ondoko egunetan arduratuko omen da Pello Sarasola ETBren Eduki Zuzendaritzaz. Pello profesional ona da, eskarmentu handikoa eta “etxea” lehendanik ere ondo ezagutzen duena. Segurutik ETBri mesederik baino ez dio ekarriko eta erakarriko Sarasolaren esku hartzeak (ezin esan beste horrenbeste aurretik pasatu direnez). Baina Pelloren ezaguerak, trebetasunak, sormenak eta gaitasunak dirua eskatuko dute. Dirurik gabe ezer gutxi egin daiteke inon baina, behar bada, are gutxiago telebistan.
Pello Sarasola