Minutu goxorik gabeko filma
Hirurogeigarren hamarkadan zinemara sarri joan ohi ginenok II. Mundu-Gerrako makinatxo bat pelikula ikusteko aukera izan genuen. Hala ere, Dunkerqueko ebakuazioak (1940) ez zuen artean batere protagonismorik, Normandiako lehorreratzearen (1941) arrakasta behin eta berriro ospatzeko garaia zen-eta.
Errotik film estatubatuarra da “Dunkerque” (Christopher Nolan, 2017). Ez, soilik, eraz eta moldez, zer gerta ere, ikuskizuna duelako helburu, baita ere uzkur samarra delako historia-kontuetan (Hitlerren erabakirik eza ez da bidenabar ere aipatzen), eta epika osoa britainiarrei opa dielako, frantsesak ganorabakotzat jotzen dituen artean.
Arrangura eta sosegurik ez guztien gainetik, ezin uka egitura handiko filma dela --baliabide digital nabarmenik gabe--, soinu-banda (Hans Zimmer) azpimarragarriaz, argazki-lan apartaz (Hoyte Van Hoytema) eta elkarrizketa --edo argudio-- kaskarrez.
Burutazio gutxi, emozio dezente eta dezibelio asko maite dutenentzat. Herri-gezur baten historia.
1940eko maiatzean, Alemaniako Wehrmacht indar armatuen batasunak 300.000 gudari britainiar inguratu zituen Dunkerqueko (Frantzia) hondartzetan. Churchillek "Dinamo Operazioa" agindu zuen, hil-ala-biziko "etxeratzea" burutzeko (maiatzaren 26tik ekainaren 2ra). Sasi-historiak besterik dioen arren (eta filmak mitoa ontzat eman), ez da egia arrantzale-jendea eta gainerako herri xumea joan zenik soldaduen bila, Ingalaterratik, itsasontzi txikietan. Royal Navya izan zen, ezkutuan, arduratu zena.