Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mimosa, ansiolitiko samarra

Mimosa, ansiolitiko samarra

Amatiño 2012/04/06 23:00
Mimosa da udaberriak aurrera egin ahala lore horia galtzen duen zuhaitza. Kandelario, San Blas eta Santa Agata egunekin batera loratu ohi da urtero, otsailaren lehen aste inguruan, eta San Jose ondotik zimeldu, apiril aurretik. Gurean behintzat, mimosarik ez da basoan edo oihan galduan. Nekez gero ernalduko da mimosarik bere kasa. Mimosa non, etxea han. Mimosak jarri egiten dira, nahita landatu. Norbaitek, noizbait, horrela nahi eta erabaki izan duelako.

Mimosa 2 

Mimosak, gero eta gehiago, industrien auzokide 

Mimosa (Acacia dealbata, arantza zurixka) australiarra omen da sortzez. Egun, Kantauri itsasbazterretik Biarnoraino nonahi agertzen da, tarteka-marteka, euskal lurralde euritsu guztietan. Inoiz gutxitan hiruzpalau zuhaitz elkarrekin; gehien-gehienetan ale solteak, han-hemenka, beti ere baserri-ondoan, basetxe-alboan eta, azken bolada honetan, baita lantegi-inguru eta industrialdeetan ere.

Hiru omen dira bizitzan zehar egin beharrekoak: liburua idatzi, guraso izan eta zuhaitza landu. Honelatsu omen dio atsotitz txinarrak, azken bolada honetan Jose Martí olerkari kubatarrari leporatzen zaion arren.  Eta hiru ideia horiek ez omen dira behingo hiru erabakien (argitaratu, ernaldu, landatu) lekuko, etenik gabeko kemenaren (adimena, ardura, zaintza)  adierazgarri baino.

Niri zuhaitz bi landatzea egokitu izan zait, eta biak bizpahiru urteren buruan. Bata, Jerusalemgo Bake Oihanean, 1980an, Israelgo helduen hebraieratze-sistema ezagutzeko  Euskaltzaindiak eratutako txangoan zehar;  eta bestea 1983an edo, Euskal Telebista abian jarri bezain laster nik neuk atarian landatzea erabaki nuenez gero. Nago lehena olibondoa izan  ote zen; bigarrena, aldiz, seguru, mimosa. Aurrenaren berri ez dut harrezkero jakin --han iraungo al du!— Bigarrena, ostera, joan zen hamarkadako zuzendaritzak errotik kendu zuen, ez niri galdetu zergatik.

Jakin ere ez dakit zergatik baina, negu goibeltsu eta udaberri argitsu arteko zubigintzan, mimosa betidanik iruditu izan zait ansiolitico samarra.

Israel zuhaitza

txu
txu dio:
2012/04/08 01:33

Euskal Herri atlantikoan ondo hazten da, neuk aproba egin nuen Araban eta ez zuen hartu. Harritekoa ez da, hemen inon ez da ikusten.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: