Mikologia ez da jateko, baina...
Betiko gibelurdinak, urritxak, galanpernak, zizahoriak, esnegorriak, onddo beltzak edo saltsa-perretxikoak baino gehiago ezagutu nahirik, horra non abiatu ginen basora 60 lagun inguru, hogeiko hiru taldetan. Zorionekoa, gurea, monitore edo gidari gisa Antonio Palazón suertatu zitzaigun eta, Fernando Palazón aditu handia zenaren semea.
Aragoi-Biarno mugarteko basoetan zehar murgildu bezain laster jabetu ginen, horratik, mikologia jardunaldia perretxiko bila hasi eta, onak eta pozointsuak nabarmentzen asmatzea baino zerbait gehiago dela. Mikologia ez dela kuletoak sailean hartzea, perretxiko-motak (motak, ordenak, familiak, generoak, espezieak…) xedatzen ikastea baizik. Hau da, morfologia aztertzea eta, belarria ipini edo izan ezik, beste lau zentzumenak indarrean jartzea. Alegia, ikusmena, ukimena, usaimena eta dastamena. Bai, baita dastamena ere, nahiz pozointsuena suertatu.
Jardunaldiak balio izan zuen, gainera, hiru sasi-mito ezagun hausteko:
Aurrena, ez dela labana eskuan eraman behar perretxikoa hanka barrenetik mozteko, bolba barrenetik oso-osoa jasotzeko baino, utzitako zuloa lurrez tapatu eta besterik gabe txukun lagatzeko.
Bigarrena, zumezko otarrean jasotzeko aholkua ez dela esporak han-hemenka zabaltzeko, perretxikoak arol samar bildu eta puskatu edo apurtu ez daitezen baizik.
Eta hirugarren esamesa, berriz, beti besterik esan izan diguten arren, perretxikoak ikusi ahala erruz hartzeagatik ez dela perretxikorik ahitzen. Arazoa ez omen da, nonbait, perretxikolari bakarren batek ale guztiak arras harrapatzea eta basoa errotik biluztea, perretxikolari uholdeak baso osoa behin eta berriro zapaltzea baizik, nahiz esku hutsik irten.
Tira, goiz ederra bota, arratsaldean bazkalaurrean bildutako samalda aztertu eta, afaltzeko, berriz, hainbat aleren perretxiko jana. Ezohiko errezetaz gainera: hartutako bospasei mota zatitu, elkarrekin nahasi, eta tapa eta guztiko zartaginean --berakatz, perrexil eta gatz apurraz-- erdi frijitu, erdi egosi.
Ardoa, berriz, iazko Gabonetarako erositako Arabar Errioxa: Solar de Estrauza, 2007. Mundiala.