Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mikeldiko idorua

Mikeldiko idorua

Amatiño 2008/10/02 17:29
Durangon sortzear omen da Bilboko Euskal Museoan dagoen Mikeldi “idorua” etxeratu nahia aldarrikatuko duen plataforma. Antonio Trueba eta Juan E. Delmas idazleek aurkitu zuten Iurreta inguruan 1864an, eta 1920tik Bilbon dago dezente ondo kontserbatua. Bitartean, Ezkurdi plazan egon zen kopiak Durangoko udal-biltegian jarraitzen du, ahaztu samar edo, nora ezean.

Mikeldirik zenik ere ez nenkien nik 1970 urterarte. Urte hartan jaio zen nere lehen semea eta izenen bat aukeratu eta erabakitzerakoan, hara non Mikeldi parean suertatu. Aztarren bila hasi eta halaxe jakin nuen garai hartan bazela Mikeldi izeneko agure zaharra Eskoriatza inguruan. Nondik norako izena ote, berriz, eta… zantzuek Durangoraino eraman ninduten, San Bizente auzora hain zuzen ere; edota, hobeto esan, Mikeldiko San Bizente  auzora alegia.

Horrela jakin nuen San Bizente ermita izan zela 1950eko hamarkadararte Durango eta Iurreta arteko zelaietan (gaur egun dena etxebizitzaz gainezka), eta Antonio Trueba zein Juan E. Delmas idazle bizkaitarrek hantxe aurkitu zutela, 1864an, harako zerritzar, ordots edo aketza.

Iurretako bertako harrobiko hare-harri bat bakarraz egina omen, Burdin Aroan edo, eta lehen aipamen idatziak XVII mendekoak dira. Hankartean nolabaiteko eguzki-lorea edo du, antza, eta noizbait izan zituen idatziak irakurtezinak dirateke gaur egun. Ez bide dago Euskal Herri guztian ez parekorik, ezta antzerakorik ere.

Baina, zer nahi delarik, ez ahaztu ni neu izenaren adarretik ekin niola Mikeldiz arduratzeari eta, alde honetatik, nabarmen gero guztiz bizkaitarra den izenaren aurrean gaudela, ez baita alferrik Bikendi edo Bikandi abizen bizkaitar peto-petoa. Hau da, Mikeldiko San Bizente, izen errepikatua besterik ez dela: Vicentius, Vicenti, Bikendi, Mikeldi. Edo, beste modu batez esanda, zenbaitek besterik uste arren, Mikeldik ez duela Mikelekin zer ikusirik, Bizenterekin baino. Bingen sabindarraren bertsio arkaikoa alegia.

Gaztelaniazko paper zaharretan “ídolo de Mikeldi”  agertu ohi da behin eta berriz. Zenbait euskal apologistak “Mikeldiko idorua” (aurkitua, topatua) ikusi nahi izan zuen jatorriz baina, segurutik, “idolua” besterik ez da.

Mikeldiko aketza Bilboko Euskal Museoaren (lehengo Etnografi-Historikoan) klaustroan ezagutu izan dut nik betidanik eta kopia, berriz, Durangoko Ezkurdi plazan 1980eko hamarkadatik aurrera. Orain, kopia udal-biltegian dago erdi baztertua eta durangoarrek benetakoa aldarrikatuko omen dute. Ez dadila behintzat jendarteko parkeren batean jartzeko izan.

           

Amatiño
Amatiño dio:
2010/01/18 21:32

Ez dizut esango gaur egun Euskal Herrian zabalduxea dagoen Bikandi abizena Urrestillako Bikendi baserritik ez datorrenik. Ez dakit. Daitekeena da.

Daitekeena ere, zuk diozun moduan, 1780 baino lehen Bikanditarrak ezezagunak izatea Bizkaian. Nahiz eta zuk zeuk zortzi salbuespen ezagutu. Salbuespen dezente ezezaguntzat jotzeko.

Baina, edozelan ere, Aita Barandiarani jaramonik egingo badiogu behintzat, Durangaldeko "Miqueldi"ren lehen aipamen idatzia 1634koa da. Eta Vicentius-Bikendi-Mikeldi izen-bilakaera ontzat emanez gero, onartu beharko Bikendi deiturarik izango zela seguru asko Bizkaian XVI. mendean.

Gipuzkoan lehenago ote? Daitekeena. Ze urtekoa da Urrestillako Bikendi baserria?

Bikandi
Bikandi dio:
2010/01/20 16:33

Kaixo,

Bizkaiko Elizaren Histori Arkibuan bila daitekeenez, http://internet.aheb-beha.org/paginas/indexacion/ca/n_indexacion.php Bizkaian diren Bikandi-Bicandi-Vicandi-Biquendi-Viquendi gehiengoa Azpeititik dator (Urrestillako baserria jatorriz). 1780a orduko salbuespenek, ez daukate ezteka horretan behintzat, beraien jatorria bilatzerik (nik ez behintzat), baina ziur naiz dokumentua osotasunean irakurriz gero (Derion) beraien jatorria agerian geratuko dela (Nik Gipuzkoan dagoela apustu egingo nuke...)

Abizen honi dagokionez, gauza interesgarri bat ematen da... 1800 inguruan zenbait Bikandi durangaldera etorri ziren (neure arbaso bat barne), eta beraien ondorengoak Azpeitakoen kopuru berdinetara heldu dira. Gainera, durangaldean "Bikandi-Bicandi-Vicandi"-bilakatu ziren eta Azpeitian jatorrizko "Bikendi-Biquendi-Viquendi"-rekin jarraitzen dute.

Nik ez dut txartzat hartuko adierazten duzun bilakera: Vicentius-Bikendi-Mikeldi

Hala bada, ziurrenik Urrestillan ere gauza bera emango zen...

Nik ezeztatzen dudana, Bikandi bizkaitar peto-petoa delakoa da.

Baserriaren datari dagokionez, niri oso zaharra izateak balio dit, baina datak jartzekotan, ondorengo esteka jarraituz: http://pares.mcu.es/ParesBusquedas/servlets/Control_servlet?accion=4&txt;_accion_origen=2&txt;_id_desc_ud=2610459

Juan de Viquendi, Chistobal de Viquendi, eta de Lazaro de Viquendi-ren “expediente probatorio de hidalguia”-n 1613an idatzia:

“…descendientes por linea recta de baron de la Cassa Solar de hombres hijos dalgo de Viquendi que es en la Poblacion de Urrestilla…” “…porque dicha Casa de Viquendi es Casa Solar de notorios hijos dalgo, y conocida por el dicho nombre y apellido y muy antigua, y una de las pobladoras de la dicha poblacion de Urrestilla…”

Espedientean 90-60 urtetako lekukoak dira, beraz, BIKENDI baserrietxea 1550a baino arinagokoa ziur...

Ondo izan...

Bikandi
Bikandi dio:
2010/01/18 20:30

Kaixo,

BIKANDI abizena, Azpeitiko Urrestilla auzoko BIKENDI baserritik dator. Ikerketa txiki bat besterik ez da egin behar, bizkaitar Bikandi-Bicandi-Vicandi-Biquendi-Viquendi gehiengoa, Urrestillatik datorrela nabarmentzeko... Jatorriz, giputzak beraz...

Gainera, Bikanditarrak, 1780a baino lehen ezezagunak ziren bizkaian...(8 salbuezpen)

Agian semearen izena ez da bizkaitar peto-petoa....

Ondo izan...

Amatiño
Amatiño dio:
2010/01/20 19:54

Bapo, Bikandi:

Zuk ondo diozun bezala, datu horien arabera ez dago inondik ere esaterik Bikendi-Bikandi abizena "bizkaitar peto-petoa" danik. Ezta kontrakoa ere, datu berberorien arabera garai bereko belaunaldiez ari gara-eta, Bizkaian zein Gipuzkoan.

Datuon arabera, segurutik Viquenditarrik bazen Urrestillan XVI.mendearen erdialdera, baina baita Miqueldirik ere Durangaldean.

Ez ziren gero Arabatik etorriko ez da? Garai hartan oso normala izan baitzen.

Eskerrik asko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: