Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Midi kanala, bi itsasoren arteko ubidea

Midi kanala, bi itsasoren arteko ubidea

Amatiño 2015/08/12 00:10
Pierre-Paul Riquet kementsuak ekin, eragin eta burutu arren, berak sekula lanean ikusi ezin izan zuen herri-lana da bi itsasoen arteko ubidea, Mediterraneoa eta Atlantikoa elkartzen dituen Midi kanala. Frantziar hegoaldeko garraio-sektorea irauli zuen bi mendetan zehar eta gaur egun turismoari esker dirau.
Midi kanala, bi itsasoren arteko ubidea

Fonsérannesko zazpi esklusa jarraituak, goitik behera

Zesar Augustoren zein Karlomagnoren denboretatik –Gibraltarreko itsasartea ekiditzeko— makinatxo bat erregek eta enperadorek amestutako egitasmoa indarrean jarri zuen Frantziako Luis XIV.ak, XVII. mendean, 1666tik 1681ra bitartean, Pierre-Paul Riquet enpresariaren eraginez: Canal du Midi.  Berrehun urtez iraun zuen garraiobide nagusitzat eta, XIX. mendean maldan behera hasi zen trenaren lehiari aurre egin ezinik. 1970tik aurrera turismoari egokitu zitzaion erabat.

Riquet gazterik jabetu zen Tolosa (Okzitaniako Toulouse) inguruko Mendi Beltzeko (Montagne Noire) iturri naroei erreka berria sortarazteko besteko ura zeriela. Zati bat, Atlantiko aldera bideratu zuen, Garona ibaian barrena, Bordeleraino (193 km.). Beste zati bat, propio eraiki behar izan zuen ildo berrian zehar, Mediterraneo aldera, Narbonaraino (241 km.). Ubide bien arteko lotura egiteko, tokian tokiko garaiera berdinezak gainditzeko, 63 esklusa, 126 zubi, 7 akueduktu eta 6 presa jaso eta, horra, bi itsasoen arteko ubidea, bere garaiko ingeniari-lanik garauena.

Frantziar hegoaldeko garraio-sarea erabat aldatu zuen herri-lana 1681an inauguratu zen. Riquet bera sei hilabete lehenago hil zen, bere biziko egitasmoa abian ikusi aurretik. Ezohiko azpiegitura boteretsuak gaina jo zuen 1855an eta, ordudanik, maldan behera egin zuen urtez urte, trenaren lehiari erantzun ezinik.

Azken bost hamarkadotan erabat turismoari atxikia ari da. Lar atxikia, behar bada. Tolosatik Narbona bitartean, soil-soilik, laurehun inguru omen dira astez aste alokatzen diren ontziak. Eta, jakina, norberak bere itsasontzia, potina, txalupa, kanoa edo dena delakoa ere eraman dezake, motorrez zein arraunez. Baita ubide-bazterretik mendi-bizikletaz abiatu ere, etenik gabeko "bidegorrian" barrena.

Egun osoko bidaiak ere badira. Fonsérannesko (Béziers) zazpi esklusa jarraituetan zehar 10.000 lagun pasatzen omen dira urtero. Eta bada, bertan bizi denik ere, sekula ontzitik atera gabe, lehorreko beste edozein etxeren pare erroldatua, udalaren argindar eta ur-zerbitzuaz zein posta-helbide eta guzti. Mundu bat da Midi kanala, kosmos berezi bat, 1996an Unescok Gizateriaren Ondaretzat jo zuena.

Ez da, ordea, dena “zuri”. Ontzidi hoien guztien ur “beltzak” uretara jaurtitzen dira-eta, artez-artez komunetik behera, espantu handirik gabe. Ez da, behar bada, Europar Batasunaren baitan, XXI. mendeko turismoari dagokiokeen irol-sistemarik egokiena. Ezin izango du horrela luzaro iraun. Alemania, Eskozia edo Ingalaterrako ontziek, esaterako, ez dute inoren gorotzik ibai eta ubidetan barrena sakabanatzen. 

mapa-canal-de-los-dos-mares

Bi itsasoren arteko ubidea 

Kanal bikoitza

Ibarrean zehar, egungo "bide gorria", sortzez zaldiek gabarrak narrasteko bidea

Midi mundua

Kosmos bat, mundu bat, Midi kanaleko mundua. "Ibaitarren ibarrerria".

Esklusa

Honelako edo antzerako 64 esklusa, tarteka-marteka. Erdiko hori, urez bete berria.

Kontxi

Hau, aldiz, nabarmen asko, hustu berria.

Narbona

Narbona igarotzen, itsasora bidean.

Victorrekin Domitian

Narbonako Via Domitia. Orain dela 2.200 urteko galtzada erromatarra

Loreka mendiak

Eta, Narbonan bertan, euskal diseinua begi-bistan

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: