Metabertsoak gure bizimodua aldatuko du
ZarautzOn elkarteak abian duen “Konfiantzia sortzen zientziarekin” egitarauaren barruan, Pedro Lozano diseinugileak El futuro pasa por el metaverso deitu aurkezpena azaldu du jendaurrean, Zarautzen bertan. Paradoxa bada ere, Imascono (Zaragoza, 2011) enpresak (1) edozenbat hilabete daramatza, han-hemenka, taldez talde, aurrez aurre, hitzez hitz, bere egitasmo digital eta birtuala merkatuan azaltzen.
“Metabertso” deiturak, izatez, “unibertsoa” baino harago (meta) esangura duen arren, eginak egin, ezin bestez, gu guztion unibertso barruan aritu beharko du, kanpoan besterik ez baitago. Baina, hori bai, hiru dimentsiotako ekosistema birtualean non, web 3.0 (2) bitartez, erabiltzaileak pantailan ikusi eta aritu ez ezik, barru-barruan sartu eta murgilean egiterik eta jarduterik izango duen.
Besteak beste, lagunekin bildu, lan egin, ikasi, jolastu eta mediku-kontsulta pasatu; hitzalditan, kontzertutan zein kirol-ekitalditan parte hartu; segurtasun-simulakroak egin edo arropak, altzariak, autoak, etxetresna elektrikoak eta makina industrialak erosi aurretik probatu (3). Horrez gainera, hau guztia Internetez bideratu ahal izango bada ere, betaurreko (edo lentilla) aproposei esker, errealitate areagotu eta errealitate birtualeko esperientzia fisikoak (mendikadak, gimnasioa, sexua…), inoiz ez bezala, egiantza suertatu ahal izango dira.
Kontu izan, metabertsoa ez dela, gero, jakineko plataforma zehatz eta bakarra izango, eremu birtual irekia baizik, non merkatu zabaleko teknologia-enpresa handiak buru-belarri sartuko diren, sekulako inbertsio garauez, elkarren kontra lehiatzeko.
Metabertsoa eraikuntzan da honezkero, baina hamar-hamabost urte behar izango ditu, oraindik, gizartean barrena orokortu eta prezioak demokratizatu orduko: haatik, honek ez du esangura, teoriaz behintzat, erabat berria denik. Dennis Gabor fisikariak Nobel Saria (1971) merezi izan zuen holografia asmatzeagatik, Leia printzesaren holograma ospetsua (Stars War – Georges Lucas) 1977koa da, eta eskularru haptikoak albiste izan ziren, bolo-bolo, 1999 urte inguruko Euskal Herrian, adarjotze aldera bazen ere.
Metabertsoaren garapenak gizartea aldatuko du. Alegia, lan-egitura moldatu, merkatua hautsi, mugikortasuna murriztu, hezkuntza irauli, irakaskuntza eraberritu, giza-harremanak urrundu eta sexu-jokoa mudatu. Hots, irizpideak trukatu eta balio etiko zein moralak eraldatu.
Auskalo honek guztiak berariazko arautegi aproposik behar izango ote duen. Baina, zer gerta ere, esperientziaz dakigu (4), teknologia-eraberrikuntzak, zenbaitek nahi edo uste baino geldoagoak gertatuko diren arren, beharrezko araudiak baino nabarmen lasterragoak izango direna.
---ooOoo---
1) Telefónicak erosi zuen aurreko irailean.
2) Web 1.0 Hipertestua, esteka soila. Static web.
Web 2.0 Elkarreragina, gizarte-sareak. Social web.
Web 3.0 P2P sarea eta bloke-kate edo blockchain teknologia.
3) Agur erakustazokak!
4) "Intelektualak, telebista eta multimedia". L.A.A. Gasteiz, 1997