Merkatua
Nik egunero kafesnea gosaltzen dudan tabernan lau egunkari aurkitu izaten ditut: hiru gaztelaniaz eta bat euskaraz. Azken bi urteotan, behin izan ezik, ez dut sekula euskarazkoa hartzeko zain egon beharrik izan. Joan eta hartu, beti aukeran, eskueran, nahiz eta bezerorik gehien-gehienak euskaldunak izan. Erruduna, errudunik bada, ez da inondik ere egunkaria, are gutxiago tabernaria, gure gizartea baino, gure merkatua alegia.
Katalunian, barrena egunkari bi daude katalan hutsez –El Punt eta Ara-- eta gaur arte bat baino ez –-El Periódico— bi bertsio paralelotan, katalanez zein gaztelaniaz. Aurrerantzean La Vanguardiak beste horrenbeste egingo du, eta ez azken bolada honetan iritziz aldatu delako, gizarteak horretara behartu duelako baino. Edo, hobeto esan, gizarteak baino gehiago, merkatuak horretara eraman duelako.
Gurean gizartea eta merkatua esparru arras berdinezak dira. Gizartea aldarrikatzailearen –-eskubidea dugu— eta merkatu kontsumitzailearen –-ordaindu egin behar dut-- arteko zubigintza ez da ezelan ere koherentzia-eredurik erakusgarriena. Euskal komunikabideak nahi ditugu, jakina, baina eduki edukitze aldera, ez kontsumitu ditzagun.
Erdal bertsiorik gabeko euskal produktuak nekez kontsumitzen ditugu eta, ene irudiko, guztiz ezinezkoa litzateke aldi berean erdal bertsiorik eskainiko luketen euskal produktuen iraupena*. Onartu edo ez, aitortu zein ez, gure aukerak esan gabe doaz.
La Vanguardia Bartzelonan katalanez kaleratzea, Gipuzkoan El Diario Vasco euskaraz azaltzea bezainbatekoa da. Zenbaitek pentsa dezake hau ere noizbait helduko dela, urte-kontua besterik ez dela. Ez dakit ba urte-kontua baino, jarrera-kontua ez ote den. Sasi-aurrerakoitasunaren aitzakiaz errazegi egin ohi diogu muzin merkatuari, merkatua gu geu garena sekula onartzeke.
Katalanez estreinako argitara emandako alearen lehen orrialdea (2011-05-03)
Eskerrik asko zure ekarpen berriarengatik.
Errua gutxitan izan ohi da osoa parte bakar batena. Hala ere, nik nonbait dut neure burua behar beste egiten ez dugula uste dugunon taldean eta zuk, aldiz, errudunik nagusienak besteak --erakundeak-- direla uste dutenen artean. Segurutik zuk nik baino jarduera kementsuagoa izango duzu eta horrek ematen dizu nik nire baitan aurkitzen ez dudan barne-segurtasuna. Zorionak.
Hala ere, nik gizartea (erakundeak tarteko) aipatu lekuan zuk gizarte gabeko erakundeak dituzu gogoan. Ez duzu gero pentsatuko erakundeak pertsonarik gabeko makina automatikoak direnik, ezta?