Merezi du Dublinera joatea
Markos Orkolearen antzezlanak ez du aitzakiarik. Hasiera beretik, ekin ahala murgiltzen da artez arte harian, etengabeko erritmo biziari eusten dio ordu eta erdi luzean, eta batere une geldorik gabe amaitzen da, berandu baino lehen, noiz eta nola amaituko inor pentsatzen hasi aurretik. Jende guztia (larunbatean, gainezka) pozarren lagatzen duten saio horietakoa.
Ezpainetako irribarre gozoaren, bat-bateko barrearen eta algara ozenaren gainetik --edo azpitik--, antzezpenean hezurmamitzen da nolabaiteko komedia garratza, non jokalariek aditzera ematen duten gizabanako bakoitzak zein erraz asmatzen eta egokitzen dituen gehien komeni zaizkion ilusio, obsesio eta sasi-errealitateak, eta, aldi berean, zein zaila zaion, ostera, inorenak onartzea.
Kontua ez da, ordea, antzezlanaren baitan amaitzen. Taula gainean gertatzen direnez aparte, ikusentzuleak erraz asko sumatzen du-eta, protagonisten egiantzak, norberaren barne-aitzakien eta erdipurdiko sasiegien pareko baino ez direla. Bada hor, publikoaren identifikazio eta aitorpen ezkutuetatik asko. Isilpekorik ez duenak jaso dezala eskua. Aukeran, hobe barre egitea, negar egitea baino. Katarsia.
Primeran, gero, lau aktoreak. Behar bada, Garmendiak hausnartu beharko luke, inoiz, bere hainbat molde, keinu eta imintzio ezaugarrik ez ote duten noizbait iraungi-eperik izango; eta Gabilondok argitu beharko liguke nola demontre uztartzen dituen, horren ondo, aktore eta zuzendari funtzioak. Maisu eta artista.
Laburbilduz, pare bat bider Dublinen izan naizen arren, ez nuke arazorik izango laukote (boskote?) horrekin berriro joateko. Ilusio alaitsua.
---oo0oo---
1) Markos Orkolearen “Ez naiz inoiz Dublinen egon” proposamenak badu, nonbait, antzekotasunik duela sei urte, Bartzelonan, Alberto Ramosek katalanez aurkeztu zuen “Goyo” antzezlanarekin (Premi Ciutat Manacor de Teatre 2020). Komedia garratza, itxuraz normal samarra izanik gezurretan bizi den familian gertatua, ezusteko bisitaria, aldaketak onartzeko zailtasuna, katarsia…