Mapek ez dute bide-zorurik bereizten
Bata zein bestea joan-etorri llaburrak, hogeitaka kilometro besterik ez. Baina helburua ez zen luze jardutea, zeharbide berriak aztertzea baino, hurrengo batean itzuli-mitzuli hedatsuagorik jorratu ahal izateko. Aitor dezadan ez dudala beti biderik egokiena asmatzeko errezetarik aurkitzen.
Ikuskatuak ditut sarean hainbat programa eta aplikazio (Google Maps, Google Earth, Wikiloc eta antzerakoak), eta baita Gipuzkoako Diputazioaren Zerbitzua (B5Map), Espainiako Nekazaritza Ministeritzarena edota Espainiako Mapa Topografiko Nazioanalerena ere. Bakoitzak bere ajeak eta abantailak ditu, baina ezeinek ez dit argitzen bidea porlanezkoa den, basa-pista, baserri-bidea, gurdi-bidea edo oinezko zidor soila. Ñabardura hauek ez dira euli-kaka behin adin batera helduz gero.
Esaterako, Zestoako Arroa-errekatik Debako Santuaraneraino, mapa guztiek edo gehienek bide berdintsua adierazten duten arren, izatez, denetarikoa da. Alegia, Errementari baserriraino, auzo-errepide arrunta; Areitzagaraino, porlanezko baserri-bide aldapatsua (ezustean, 100 metroko garai-arrakala); Mardariraino, nabarmen izorratutako pista; Zubeltzuzar ingururaino, berriro ganorazko galipota; eta eskuinera, Erlete Goikoaraino, Donejakue-bidez, oinezko zidor malkartsu eta neketsua. Hain zuzen ere, inguru horretan zer gertatuko eta… zulatua! Eskerrak gero, oraindik, “samariar” onik geratzen den… Ez nago ni zulatuak nire kasa konpontzeari ekiteko besteko adorez.
Debatik Mendarora (mendiz), berriz, Elkorrieta gainetik Mantarregi eta Sarobe baserrietarainoko bidea porlanezkoa da. Baina Sarobenetik Etxabe baserrirainokoa (300 m. inguru) mendi-bide belartsua, maldan behera. Etxabenekotik Mendaroraino, ostera, galipot txukuna. Gipuzkoako Diputazioaren bide-maparen arabera, denak berdintsu ematen duen arren, ortofotoak adierazten du ezetz.
Zer pentsa ematen du, gero: Sarobetik --mendaroar baserria izan arren-- ez dago kaleraino motorrean jaisterik, nahiz herria begibistan ikusi; eta, ezin bestean, Lastur aldera jo eta Sasiolaraino itzuli baino beste aukerarik ez dago, gero errepidez Mendaro herrira iristeko. Eta alderantziz, Etxabe-bailaratik Lasturrera joateko, Mendarora itzuli beharra dago, gero errepidez, Sasiolatik zehar, Lastur-beheko Elkorrietaraino igotzeko.
Baina badago esperantza: OpenStreetMap proiektuan Wikipedia estilora ari gara errepideak marrazten eta zehazten, eta hor badago zorua zehazteko aukera: https://wiki.openstreetmap.org/wiki/ES:Key:surface
Konkretuki Sarobe baserriari dagokionez, uste dut hemen badugula zuk erakutsitakoa baino informazio zuzenagoa: https://www.openstreetmap.org/[…]/-2.36769&layers=C