Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mendibururen memoria eta materia: egur-zirrara

Mendibururen memoria eta materia: egur-zirrara

Amatiño 2021/04/17 11:00
Ni gehien hunkitzen nauen arte-mota 1960ko hamarkadako euskal andanarena da. Ez dakit zehatz-mehatz zergatik baina suma dezaket, aurreko mendeko seigarren hamarkada izan zen-eta, hain zuzen ere, nire 15 urtetik 25era bitartekoa. Hamar urte baino ez, baina ez nolanahikoak.
Mendibururen memoria eta materia: egur-zirrara

Remigio Mendiburu

Hamarkada hartan loratu zitzaizkidan zaletasunak, grinak, gurariak, irizpideak, jokamoldeak eta lehen erabaki pertsonal handi samarrak. Hamarkada hartan suspertu zitzaidan euskal militantzia, pasatu nintzen Bilbotik, ekin nion lan egiteari, sortu zen Amatiño, ezkondu zen Luis Alberto eta izan nuen lehen semea. Gero etorri ziren etorri beharrekoak, baina gero gerokoak.

Hartara, ez da ezustekoa, beraz, hamarkada hartako kultura-ikuspegiak, irakurgaiak, musika-doinuak eta arte-motak gomutaren kutxan gordetzea. Eta ezin ere harritzekoa izan, nik arte garaikideaz dudan lehen oroitzapenik nabarmenena orduko GAUR Taldeari (Donostia, 1966) atxikia izatea, Amable Arias, Rafael Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta taldekideei itsatsia, alegia.

Baina “garaikidetasun” hura ez zitzaien arte ederrei soilik mugatu. Gogora datozkit garai bereko bestelako arteak eta artistak ere: Umandiren gramatika, Olaeta balleta eta Plazido Mujikaren hiztegia; Zeruko Argia, Loiola Irratia eta Eibarko “kulturala”; Auspoa, Auñamendi eta Kuliska Sorta; Malentxo alargun, Dirua galgarriElsa Scheelen eta Quosque tandem; Joxean Artze, Txoria txori eta Isturitzetik Tolosan barru; Gabriel Aresti, Uztapide, Xalbador eta Txomin Peillen; Jakin, Joseba Intxausti, euskara idatziaren batasuna, Koldo Mitxelena eta Arantzazuko apostoluak; denak eta gehiago, elkarri erantsiak eta elkarrekin nahasiak, ezin izango dugu ahaztu-eta, Ez Dok Amairuren txalaparta Mendibururena baino ez zela, memoria bertsukoa

Giro hartan, Gaur taldearen baitan, Remigio Mendiburu genuen hainbatek artistarik hurbilen, gureenetakoa. Ez dakit --denen artean euskaltzalerik* amorratuena-edo zenez gero-- hark egindakoa benetakoenatzat jotzen genuelako ote zen, ala Remik gu bezalakooi gustagarrien gerta lekigukeena burutzeko errezeta antropologiko ezkuturen bat ezagutzen ote zuelako. Identifikazio-argudioak tarteko, Artearen Psikologiak erantzun lezake zer den –zirrara eta gustu kontuetan ere-- aurrena, arrautza edo oiloa.

Zer gerta ere, kontua da, Arte Ederren Museoan agertarazi berri den “Mendiburu. Materia eta memoria” erakusketan sartu eta, bat-batean, ikuskizunak, zirrararen zirraraz, denboraren tunelean zehar, 1960ko hamarkadara eraman ninduela, barrenak astinduz eta malkoak jalgiaraziz... zein negarbera izan daitekeen gero, memoria. 

Baina, tira, honek ez du esangura erakusketan sartzeko, atean 1960ko jubilatu-txartelik eskatzen dutenik; ezta, irteeran, begiak lehortu behar direnik ere. Agerraldiak, hotz-hotzean ere, merezi du. Juan Pablo Huercanosen hautapenez eta Aritz Gonzalezen muntaiaz, sekulako erakusketa, han-hemenka bildutako arte-lanez osatua, Mendiburu familiak, hainbat museok eta erakundek beren-beregi lagata. Guztira, 120 lagin, hiru hamarkadatan zehar eginak, mundua ez zen-eta, zorionez, 1960ko hamarkadan amaitu.

Zabalik, irail arte. 

*Zumeta ere erabateko euskalduna zen, "naturalagoa", baina ez Mendiburu bezain erradikala. Basterretxeak aitortu zidan behin, ikaragarri kostatzen zitzaiola Remigiorekin harreman estua lortzea, ezin ziolako berak euskaraz jarraitu, ezta Mendiburuk gaztelaniaz amore eman ere. 

Zura ala egurra
Zura ala egurra ote?

Zura eta egurra

Bizkaian eta Gipuzkoan gero eta gutxiago nabaritzen ditugun arren, Azkueren (1906) zein Lhanderen (1938) hiztegiek* zehatz bereizten dituzte zur eta egur: ZUR, bois à construire, opposé à EGUR, bois à brûler. Beste horrenbeste Toribio Etxebarriak (1965): Lenago ziran errixan egurtzak,** su-egurra ataratzeko auzuak, eta etxegintzarako biar zan zura.***

Mutikoa nintzela bazen Zarauzko kale Nagusian Martin Gallastegi (Bergara, 1910 – Zarautz, 2010) izeneko tailugilea, zurezko irudiak, harmarriak, erreliebeak, ontziak eta koilarak zizelkatzen zituena. Zurgin fina zen eta, jakina, zurez baliatzen zen tailuak egiteko, sekula ez egurrez. Haserretu ere haserretu egiten zen, egur baldarra aipatuz gero.

Mendiburu artistak, ordea, ez zion sekula egurrari muzinik egin. Sistiagak esana da hondarribiarra han-hemenka jasotako hondakinez konpondu ohi zela eta inoiz lagundu ere lagundu izan ziotela sustraiak eta sastrakak zabortegietan biltzen, gero eskulturak moldatzeko oinarrizko materia aproposik izan zezan.

Memoria eta materia.

---oo0oo---

* Baita Larramendik ere, 1745ean. 

** "Çiertos montes comunes... que se dizen e nonbran egurças" (Eibarko udal artxiboan, 1498)

*** Euskaltzaindiaren arabera, zurak "gaia adierazten du bereziki" eta egurra, berriz, "lurrean dagoena baita berez (beheratua, botarazia), ez zuhaitzean  (Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoa, 2019).

  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: