Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mendi-pistarik ikusgarrienetakoa

Mendi-pistarik ikusgarrienetakoa

Amatiño 2023/07/11 23:55
Ez da, gero, inondik ere erraza, batere etenik gabeko maldan gora, 16 kilometroko pistarik aurkitzea gure inguruko mendietan nahiz Pirinio guztian zehar. Baina bat, behintzat, bada, Borau gaineko (1.134 m.) errepidetik Las Blancas gailurrerainoko (2.159 m.) mendi-pista.
Mendi-pistarik ikusgarrienetakoa

Atzea estutu eta gora-gora

Batez beste %6,75eko aldapa ez da, behar bada, sekulako aldatsa (1), baina luze egiten da, zer esanik ez hasi eta buka basabide latza denez eta, horrez gainera, harri-koxkorra nahi baino sarriagotan. 

Segurutik, Aragoiko Pirinioetako txirrindu-zidorrik (2) ikusgarrienetakoa (3) da,  Aisa eta Villanuako haranen (Aragon ibaia) artean. Gainez gain, iparrera begira eta Sallerri goia (2.016 m.) inguratu arte, eskuinaldean Collarada (2.886 m.), Colladareta (2.729 m.) eta Lecherines (2.344 m.) tontorrak; ezkerraldean, ostera, Bisaurin (2.670 m.) gailurra; eta, aurrez aurre, Aragoi eta Biarnoaren arteko muga ikustezinarenak egiten, Llena del Bozo (2.566 m.), Llena de la Garganta (2.599 m.) eta Aspe (2.645 m.). Haran barrenean, berriz, han behean, Estarrun erreka Napazaleko lautadan eta, erdi ezkutuan, Igerreko (4) sakana. Sekulako ikuskizuna, ikuskizunik bada.

Pista ez da gaina hartzearekin batera amaitzen. Aurrera jarraitzen du pare bat kilometroz, maldan behera, Lopez Huici aterpetxeraino. Eraiki, militarrek eraiki bazuten ere, egun Aragoiko Espeleologia Fundazioak erabili ohi du. Dena den, jaitsi aurretik, gogoan izan gero igo egin behar dela (%9,2), etxera itzultzeko bide bakarra joaneko  berbera da-eta.

Eskumuturretako mina 

Goitik behera, beste 16 km., Borauko errepideraino, pedalei behin ere eragin beharrik gabe. Ez uste, ordea, nozitu beharrekoak nozituak direnik ordurako, edota jaitsiera amama izango denik. Hamasei kilometroak beherantz, mendi-pistan, abiada nabarmenaz, balaztaka, harri solte irristakor eta labainetan, “aldats” suerta daitezke.

Biharamunean, giharretako lar tentsiorik ez behar bada, baina ipurdiko eta eskumuturretako minberak, gogoratzeko bestekoak.

1) Puy de Dôme mitikoak 13,3 km. ditu, batez beste %7,7ko aldatsaz.

2) Sarreran langa dago eta autoz igotzeko baimen berezia eskatu behar da.

3) Udaberrian euri dezente egin du ingurumari honetan eta gogotik berde dago.

4) Beinke, adierazgarria benetan, makinatxo bat leku-izenen euskal kutsua.

Collarada
Maldan gora, ekialderantz, Collarada (2.806 m.) eta Colladareta (2.729 m.)

Napazal, Bisaurin, Aspe
Mendebaldean, ezkerrean, Bisaurin (2.670 m). Eskuinean, aurrez aurre, Llena del Bozo (2.566 m.), Llena de la Garganta (2.599 m.) eta Aspe (2.645). Eskuineko malda berdexkan, mendi-pista begi bistan. Eta barreneko haranean, berriz, Napazaleko lautada.

Aldapa

.

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2023/07/13 14:20
Amatiño, ez dakit erabili duzun “amama” hori esamolderen bati dagokion, edo zeure esperientzia propioan oinarritua dagoen, baina jaitsiera horren berri irakurrita ezin burutik kendu Urte berri on, amona!-ko amama ikaragarri hura. Gidoilarietako bat, Asier Altuna, Osintxu ingurukoa da, baina nik dakidala inon ez du adierazi Osintxuko amamak direnik bere protagonistaren eredu.

Edozelan ere, eta biharamun minberatsua gorabehera, inbidiagarria gero halako malda pikoak laurogei urtetik hurbil igo ahal izatea; ni bezalako hirurogei inguruko batentzat bai behintzat, Pagasarrira oinez astiro arnasestuka eta ozta-ozta iristen dena!
Amatiño
Amatiño dio:
2023/07/13 22:38
1. Amama, amona da, eta ámama, berriz, Eibarko hiztegiaren arabera: “Ganga, chollo, bicoca, jauja. Errez lortzen dan gauza oso ona; gehixenetan adizlagun moduan erabiltzen da. Taberna barrixa zabaldu dabenetik horrek dauka amama garaua! / Oiñ hiru hillebete itsuena etara zenduan eta atzo Primitibia, zuk dakazu, zuk, ámama. Horixe da benetan amama eukitzia. / Pelotia tanto eitteko amama ekan, baiña huts galanta eiñ eban. / Onguak, gero txuletia, eta tartia einda dakat. Gero kafe konpletua. Amama bizi haix!. Esan, ámama esaten da.”

2.“Pagasarrira oinez astiro arnasestuka eta ozta-ozta iristen” bazara, horrek adierazten du ez zarela astean behin igotzen… eta, seguru asko, ezta hilero ere. Zure adin horrekin, hasi bai astero Pagasarrira igotzen, eta hilean behin Gorbeiara, eta hogei urte barru esango didazu. Beste sekreturik ez dago.
Amatiño
Amatiño dio:
2023/07/13 22:47
Eta, badaezpada, bizikleta elektrikoa da. Hainbatek besterik uste arren, bizikleta elektrikoa ez da motorra, pedalei utziz gero, seko geratzen da. Baina pedalei eraginez gero, nabarmen gutxiago ahalegindu behar da.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2023/07/15 16:08
Eskerrik asko amama eta ámamari buruzko informazioagatik, Amatiño, benetan jakingarria.

Pagasarri/Gorbeiari dagokienez, zeure aholkuari oratuko diot, dudarik ez egin. Kontatuko
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: