Mendi-bizikletaren bakar-garaiak
Eibartik Debarako etxe-aldaerak ez dizkit liburu eta paper zaharrak soilik harrotu, baita urtetan alferrik gordetako hainbat tramankulu ere. Horietako bat, ez gero txikiena, ia duela 25 urteko mendi-bizikleta. Txirringa “historiko” samarra, nik uste, zalantzarik gabe euskal merkatuan saldu zen aurrenetakoa da-eta.
Laurogeigarren hamarkadaren amaieran, Europako zenbait herrialdetan agertutako mendiko bizikleten berri irakurri nuen nonbait, eta Karmen kale barreneko ziklo-dendara jo nuen halakorik ba ote zuten galdezka. Ezetz erantzun zidaten baina, nahi izanez gero, lortuko zidatela Frantzian bat. Nahi eta lortu, horrela ekarri zidaten Peugeot frantsesa, Eibarren inoiz saldu den lehen mendi-bizikleta eta, ziurrenik, lehena ez bazen, bai behintzat Hegoaldeko aurrenetakoa.
Behin aipatu nion pasadizo hau Mitxel Garmendia adiskideari (hainbat urtez Kutxaren Zabalkunde zuzendaria izana) eta zorrotz asko argitu zidan Gipuzkoan “sartu” zen lehen mendiko bizikleta berak Ipar Ameriketatik ekarritako bigarren eskukoa izan zela. Auskalo gero zein izan ote zen lehena baina, zernahi delarik, bata zein bestea 1986-1987 ingurukoak.
Garai hartan urratu nituen nik, bakar bakarrik, aurrenengo bidezidorrak mendi-bizikletaz, lehen urte haietan behintzat ez bainuen sekula inorekin topo egin, baserritar harrituren batekin edo besterekin izan ezik. Baita lehen ibilaldiak DEIA egunkarian estreinako argitaratu ere, argazki, plano eta guztikoak.
Lehen ibilaldiak
Gaur egun mendi-txirrindulariek aukera ikaragarri handia dute, mapa eta ibilaldi proposamenik ez da merkatuan falta, baina orduan ez zegoen batere-batere. Ez jakineko biderik, ez denbora-erreferentziarik, ez ezer. Esaterako, edozein mendizalek daki Arratetik Ondarroara mendiz-mendi joaterik badagoela –edota Urkiola gainetik Elgetaraino, edo Debatik Zarautza-- baina, nondik nora abiatu bizikletaz? Zenbat ordutan? Jakinekoa ere bada Soraluzetik Deskargapeko tuneleraino antzinako trenbidea izan badela oraindik ere, baina… zelan sartu urtetan itxita egon den leizezulo beltzean? Edo nola mendia zeharkatu aurrez aurre tunelpea itxita aurkituz gero? Urte haietan bloka eta lapitza eraman behar izaten nituen soinean mendi-bizikletan jardun ahal izateko. Lehen igandean bide-heren bat jorratu eta buelta; bigarrenean beste heren bat eta, berriro, buelta; hirugarrenean, berriz, dsanba, hasi eta buka, eta errepidez etxera, gustura, harro.
Urte ederrak izan ziren haiek. Benetako abentura-giroa, ia-ia etxe-ingurutik atera beharrik gabe. Dezente samar zaindutako 45 urteren jabe, gorputzaldi oneko adina gero. Berriro ere pozarren hartuko nuke nik paregabeko sasoi heldu eta emankor hura.
Ibilaldi guztietatik bizkorrenetakoa (zentzu guztietan), seguru asko, Oiz gailur gainetik Trabakuarainoko maldan beherako jaitsialdia. Jaitsi eta jaitsi eta jaitsi, eten barik jaitsi, aspertzeraino jaitsi, batere pedalkadarik gabe, besoak eta eskumuturrak minduta, ipurdia estutu, mihina hortzez josi eta "okotza" noiz hautsiko, jaitsi. Mundiala. Sekula “mendi errusiar” hoberik!
Hona laster 25 urte beteko dituen lehen Peugeota. Besterik iruditu arren, ez da itxuraren jabe. Pneumatikoak erreta eta burdinazko hainbat osagai --aldagailua gehienbat-- zeharo ugertuta. Oraingoak baino astuntxoagoa.
Orduan bai, sasoiko.
Zorionak Amatiño! Hemen ere aitzindari!
Baina, sarritan inguruan komentatu izan dugu, mendiko bizikletaren asmatzailea GAC izan zela agian, kontzeptua urte batzuk lehenago asmatu zuelako, bere "Motoretta GAC"-rekin. Umeentzat asmatu zen, baina kontzeptua hori zen funtsean.
Kasualidadez duela zenbait urte Bartzelonan ikusi nuen Ramblan aparkatuta horrelako bat (bigarren belaunaldikoa, Motoretta 2), eta atera nion argazkia: