Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mendeurrenean, kantuzaleak bai, agertoki aproposik ez

Mendeurrenean, kantuzaleak bai, agertoki aproposik ez

Amatiño 2023/11/12 21:05
Gure amama zenari entzunez gero, Bergarak hiru gauza zituen Eibarrek ez zituenak: Bergarako errellenoak, Bergarako Kristoa eta Bergarako Orfeoia. Aitxitxak ere hiru aipatu izaten zituen, Bergarako Seminarioa, Bergarako Besarkada eta Bergarako Orfeoia. Biek zuten gogoko orfeoia. Behar bada, aurreko lauak aspaldiko kontu zaharrak zirelako eta, orfeoiaren sorrera, ostera, bion ezkonberritakoa.
Mendeurrenean, kantuzaleak bai, agertoki aproposik ez

Aitor Biain zuzendaria

Ehun urte kantuan betetzen ditu aurten Bergarako Orfeoiak. Ehun urte ez dira, gero, artaleak. Kantu eta musika arloa nabarmen aldatu da azken mendean Bergaran. 1923an 90 kantari inguru zituen Orfeoiak, erdibana emakumeak eta gizonezkoak. Ehun urte geroago 40 baino ez dira guztira: 30 emakume, kostata baina nolabaiteko mailari eusten, eta gizonezkoak, berriz, 10 besterik ez, maldan behera.

Honek Bergarako garai onak goitik behera joan direla esangura al du? Ba, besterik iruditu arren, behar bada, ez. Izan ere, Orfeoia sortu zeneko mendeurrena ospatzeko, berrehun kantari eta musikari (1) baino gehiago taularatu ziren Bergarako pilotalekuan, larunbat iluntzean. Hartara, gizonezkoen ihesa ez balitz, ezin esan zaletasuna urritu denik, egungo zaleek euren aitona-amonak baino anitzagoak direla baizik.

Denon artean ospatu zuten aurreko bi, hiru edo lau belaunaldikoen ekarpen luzea, omendu zituzten ehun urteotan izan diren sei zuzendariak (2) eta, Kontxi Laskurain orfeoiaren lehendakaria tarteko, jaso zuten pilotalekuan gainezka bildutako herrikideen txalo-zaparrada.

Pilotalekuan? Kanturako ez ote honezkero pilotalekua “vintage” samarra? Tira, pilotan egiteko bai, jakina, baina… Orfeoiaren mendeurrena ospatzeko zortzi talde eta berrehun interprete biltzeko gauza den herriak ez al luke behar izango audio profesionalik eta agertoki aproposagorik eskainiko lituzkeen “auditorixoren" bat?

Urteak joan eta urteak etorri, azken berrogei urteotako aldarri berbera. 

1) Bergarako Orfeoia, Bergarako Orfeoi Gaztea, Aritzeta Abesbatza, Alai Berri Otxotea, Bergarako Musika Eskolako Abesbatza, Bergarako Musika Banda, Bergarako Orkestra Sinfonikoa eta Cadem Town Sance Studio. Guztira 207 lagun, 108 kantari, 75 musikari eta 24 dantzari. Ea zein herrik eskain dezakeen gehiago. 

2) Román Oyarzabal (1883-1971), Miguel González Bastida (1908-1997), Jesús Berroya (1923-2010), Cristina Larrañaga, David Azurza eta Aitor Biain.

EHUN URTE KANTUAN. Goiena telebistaren zuzeneko emanaldia

.

Bergarako orfeoi-mendeurrena1
Bergarako belaunaldi berria.

.

Bergarako orfeoiak 100 urte
Orfeoiaren mendeurrena elkarrekin ospatzeko eguna. Argazkian, Enrike Txurruka, Bergarako Musika Bandaren zuzendaria.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: