Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mende erdi luze kantatzen

Mende erdi luze kantatzen

Amatiño 2021/01/22 23:45
“Guk euskaraz, zuk zergatik ez” abestia ez da herri-kanta soila. Sarri besterik uste arren, egile zehatza du: 1960ko hamarkadan “La Voz de Guipúzcoa” irratiak* eratu ohi zituen leihaketetan parte hartutako rockero zaharra**, Josean Larrañaga “Urko”, Franco hil baino lehenagoko aurrehistorian ingelesez kantatzeari ekin zioten euskal abeslari mitikoetakoa.
Mende erdi luze kantatzen

Urko

Aurreko igandean, Victoria Eugenia antzokia bete zuen Urko abeslariak. Ia berrogeita hamar urte joan dira bere aurrenengo bakarkako kontzertua eskaini zuenetik, Trinitate Plazan, 1974ean. Baita urte bi geroago kaleratu ere lehen diskoa: “Sakonki maite zaitut Euskal Herria”, non bildu zituen, Guk euskaraz, zuk zergatik ez eta Herriaren alde zein Agur Euskal Herriari (Gauden euskaldun) kanta euskaltzale beroez gainera, Maite, maite, maitea bezalako balada erromantiko ezagunak edota Usurbilgo Eliza moduko tinko eta zindoak. Hauek eta gehiago, hogeitaka guztira, gogorarazi zituen Urkok igande iluntzean.

Gauza asko gertatu dira Urkok Miguel Hernándezen poemak musikatu eta Paco Ibañezekin batera gaztelaniaz kantatzen zuenetik. Lehen eta behingoz, gau eskolara nahiz  barnetegira joan eta euskaraz ikasi. Eta, geroztik, hamasei inguru disko argitaratu, denetariko kantez, Aresti, Artze, Bergamin, Gandiaga, Iparragirre, "Orixe",  Zulaika eta beste hainbaten olerkiak, tarteko. Eta, horrez gainera, hori guztia gutxi balitz bezala, berrogeita hamar urte luzez musikatik bizi izaten iraun. Ez da, gero, euli-kaka.

Duela zenbait urte Urkok nolabaiteko harrobia “aurkitu” zuen Donostialdeko herri-olertiaren baitan, eta, segurutik, bera izan dugu, alor honetan, berreskuratzailerik arrakastatsuena. Baina, oraingo honetan Joseanek gogoratu nahi izan du Artillero dale fuego delakoari-eta muzinik egin beharrik gabe, bere errepertorioa nabarmen oparo eta naroagoa dela. Alegia, berandu baino lehen, lepoan zeraman harlauza astuna astintzeko ordua zela.

Jose Bergaminek esan bezala, ¿que no soy de este tiempo?

ETBk konzertu osoa grabatu zuen. Urkok audientzia handiak bideratzen omen dizkio.

 

* Aingeru Bengoetxea kazetaria antolatzaile zela

** “Los corsarios” taldean

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: