Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mende erdi geroago, antropofagia ez dago zalantzan

Mende erdi geroago, antropofagia ez dago zalantzan

Amatiño 2024/01/13 12:30
Komunikazio aldetik balantzarik egitekotan, mende erdi geroago esan daiteke Andeetako hegazkin-istripua ez genuela gaur egun gogoan izango biziraunleek zer jan zuten jakin izango ez bagenu (1), nahiz orain eztabaida antropofagiaz ez izan… maskulinotasunaz baizik.
Mende erdi geroago, antropofagia ez dago zalantzan

1972ko egunkaria

Gogoan dut (2) 1972ko urriaren 13an Andeetako alderdi galduren batean izan zen istripua,non 45 (3) lagun zeramatzan hegazkinak norabidea galdu eta 4.200 m. inguruko gailur elurtua jo zuen. Hamar egun geroago, galdutzat eman eta kitto. Askoz ere sonatuagoa gertatu zen 72 egun geroago, abenduaren 22an, hainbat bidaiari bizirik agertu izana. Eta nabarmen oihartzun handiagoko albistea, berriz, hiru egunetara egunkariek emandako datua, alegia, 16 biziraunleek hildako lagunen haragia jan zutela (4).

Ezelango filmetan agertu ez arren, lehen prentsaurrean kazetariok jakin nahi izan zuten biziraunleok zer jan ote zuten hamar astebetez indarrean irauteko. Erantzuna, motza bezain argia: “Gazta asko eta zenbait belar-mota”. Beldur edo lotsa ziren, nonbait, egia aitortzeko, bekatu larria-edo zelakoan. Inork ez zien sinetsi, ordea, eta, susmoa sumo, zientziak ez baitzuen beste aukerarik ematen, bi egun geroago “El Mercurio” egunkariak argitaratu zuen argazkia, non “erdijandako giza-oina” hegazkin alboan  ikusten zen nabarmen.

Hegazkinean zihoazen 45 lagunetatik (5), hamasei kidek lortu zuten bizirautea. Adituen ustez, lortu omen zuten bizirik jarraitzen asmatzea, besteak beste, gazteak, kirolariak (6) eta goi mailako ikasleak (7) zirelako. Baina, hori guztia horrela izanik, batez ere hamargarren egunerako konturatu zirelako, biziko balira, haragia (koipea, proteinak, karbohidratoak…) jan behar izango zutela, eta ez edozein haragi. Filmean aipatu ez arren, berehala jabetu ziren giharra ez ezik, “barrukoak” (errailak eta) ere jan behar izango zituztela. Baita kaltzioz elikatzeko hezurrak urratu eta xehetu ere.

Denak ziren fededunak, katoliko praktikatzaileak, eta hartutako erabakia zuritzeko arrazoiak gehiago izan ziren erlijiosoak (8), etikoak edo moralak baino. Gainera, behin erabakia hartuz gero, badirudi euron haragi-jana gehiago izan zela eguneroko errutina anekdotikoa, buruhauste traumatikoa baino. Zaila da egungo gizarte europar laikotik duela mende erdiko hegoamerikar giro katoliko hertsia ulertzea, baina orduan ere, bertako hainbat egunkarik “Que Dios los perdone” orroa egiten zuten bitartean, Paulo VI. Aita Santuaren barkamena jaso zuten, Jainkoak zer egingo zain geratzeke.

Aipatu ere ezer gutxi aipatu dira, hain une larri eta latzetan (hamar astebete hegazkin izoztu barruan) normal asko gerta zitezkeen eztabaidak, iritzi kontrajarriak edo ezinbesteko haserreak.  Antza, denon artean izandako maltzurkeriatxo bakarra euretako baten proposamen berezia izan omen zen, alegia, aurrenik pilotua jateari ekitea “hona ekarri gaituen erruduna delako”. Umore beltza, beltzik bada.

Hala ere, mende erdi geroago, Juan Antonio Bayonaren filmak ez du antropofagiaz eztabaidarik txikerrena ere sortarazi. Orain lagunarteko solasetan zein sareetan aipatu ohi dena protagonisten maskulinitatea da, euren enpatia eta emozio falta, familiarekiko gogorapen urria, emakumeen ikuspegirik eza, nork bere burua salbatu beharra eta kitto, 

Andeetako bizirauleak
72 egunetan galdutzat jo ostean, bertaraino heldu zen lehen erreskate-hegazkinak atera zuen aurreneko argazkia.


1)"Viven!” lehen liburua, zeharo arrakastatsua, denok irakurri genuena, 1974ean argitaratu zen. Geroztik, beste seiren bat liburu atera dira. Lehen filma, 1993an; eta orain, berriz, 2023an, “La sociedad de las nieves” ingelesez ez diren Oscar sarietara Espainiak aurkeztuko duena.

2) Ordurako ezkondua eta bi seme-alabaren aita.

3) 40 bidaiari eta 5 eskifaia-kide.

4) Horrela aipatu zen arren, kanibalismoa da inor hiltzea bere gorpua jateko. Eta hilak jatea, ostera, antropofagia.

5) Istripu unean hil ziren 13 eta, egun berean, beste 5. Hamar egun geroagoko elurbiziek 8 eraman zituzten eta, ondorengo eguneta,  indarge hil ziren 3.

6) Old Christians Club, rugby taldea.

7) Medikuntza eta ingeniaritzako unibertsitariak.

8) Azken Afarian Jesusek bere haragia eta odola banatu zituen apostoluen artean. 

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/01/14 12:44
Amatiño, biziraun zutenetako bat “Coche” Inziarte izan zen, gure osaba txikia. Pelikulan ez du protagonismorik. Iaz hil zen. Garai batean nahiko maiz etortzen zen Hondarribira uda pasatzera, Josune, Pilar eta Joseba Lopez piano-irakasle apartarekin eta gainerako senideekin egotera. Tabu izan zen luzaro kideen haragia jatearena, baina azkeneko urteetan lasaiago aipatzen zuen. Gorpuzkiak jateko orduan uzkurrena izan zela diote aipatzen duzun “¡Viven!” horretan. Zirrara sakona eragin zidan niri ere liburuak, irakurri nuenean ez nekien arren Coche urrutiko ahaide genuela.

Zure testua irakurri arte uste izan dut antropofagia giza haragia jatea dela, oro har. Gizakia ez ezik, tigrea eta marrazoa ere antropofagoak lirateke.
Kanibalismo kontzeptua zabalagoa litzateke: zeure espezie berekoaren gorpua jatea. Ospetsua da Mantis religiosaren kasua. Krokodiloek eta zakurrek ere kanibalismoa erabiltzen ei dute, muturreko egoeretan.

Gizakiak gizakia jatea antropofagia kanibala litzateke; aldiz, lehoiak gizakia jatea antropofagia bai, baina ez kanibala.

Zure definizioak orain arte eskolan erabili ez dudan baina erabili beharko nukeen bereizketa jakingarri bat barnebiltzen du: ez da gauza bera aldez aurretik hilik dagoena jatea edo norberak hildakoa jatea.

Budistek eta hinduistek harriturik bezain kezkaturik ikusten dute kristauen irrika Jesusen gorputza jateko eta odola edateko. Erlijio kanibala izatea da zenbait aditurentzat kristautasunaren ezaugarri nagusia.
 
Mila esker idazkiagatik eta igande ona pasa.
Amatiño
Amatiño dio:
2024/01/15 09:59
Bai, bidaiarien zerrendan baziren hiruzpalau euskal abizen (Inciarte, Algorta, Echavarren..), eta inoiz pentsatu izan dut seniderik ote zuten Euskal Herrian... Horra ba, batek bai behintzat.

Eskerrik asko.
Amatiño
Amatiño dio:
2024/01/19 14:27
!Viven¡ lehen argitalpenaren (1974) alea erosi dut gaur goizean, 2 eurotan, BM supermerkatuaren liburu zaharren mahaian. "Especial para la Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián".
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: