Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mendatako "talaixeruaren" abantaila lehiakorra

Mendatako "talaixeruaren" abantaila lehiakorra

Amatiño 2016/09/05 01:00
Balea-arrantzuaren lanbidea zaharra da, zaharrik bada, Euskal Herrian. Lehen agiri idatzia 670 urtekoa. Ordudanik, ondoko mila urtean, sekulako industria garatu zen, hainbat bizimodu, kontsumo, teknika eta lanposturekin batera. Hauetako bat, talaiariarena, balea noiz itsasbazterrera hurreratuko eta “zilarrezko tronpeta” noiz aurrez aurre sumatuko, berehala deiak egin eta, arrapaladan, haren bila txalupatan ateratzeko.

Talaiak itsasaldeko mendi-muturretan eraiki ohi ziren, talaiaria bertan moldatzeko besteko etxola eta guzti. Hantxe bizi izan behar izaten zuen luzaro samar, inguruan ortu edo baratz txikerren bat zaintzen zuen artean, arrautzatarako oiloak eta txakurra lagun.

Egunak joan eta egunak etorri, beti itsasora begira, zelatan. Egun-argiz betaurreko luzea erabili ohi zuen eta gauez, berriz, are belarri luzeagoa. Antton Agirre Sorondok zehatz mehatz biltzen duenez, balearen orroak edo marruak 30 kilometrora entzuten omen ziren.

Balea behatu edo kirikatu bezain laster, “talaixeruak” deiak egin behar izaten zituen, “dei eittekuak”, herriko edo portuko arrantzaleei adierazteko. Deiok, argiz (kriseiluz, suz, kez, oihalez…) edo hotsez (adarrez, danborrez, txalapartaz…) egiten ziren sarrien.

Edozenbat ziren Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin barrena, han-hemenka sakabanatutako talaiak. Ziurtatuak daude Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Mutriku, Deba, Zumaia, Zarautz, Orio, Donostia, Pasaia, Hondarribia eta Miarritzeko talaiak, eta, horrez gainera, balearen irudia dute, euren herri-harmarrietan, Hendaiak, Biriatuk, Bidartek eta Getarik.

Deban, bat ez ezik, hiru dira ezagutzen diren talaien aztarrenak: Lapari muturrekoa (Sorginetxe gainean), Aitzandikoa (Santa Katalina ermitaren ezker alboan) eta, Itziar barrenean, Mendatakoa. Honako hau oraintsu konpondu du Suhar Arkeologia taldeak eta baita bideo labur bezain esanguratsua youtuben jarri ere.

Mendatako talaia ezin leku estrategikoan dago kokatua. Batetik, Matxitxakotik Baionako barrarainoko ikuspegi zabala eskaintzen du. Baina bestetik, aldi berean, ez da ikusten inguruko hiruzpalau herrietatik (Ondarroa, Mutriku, Deba, Zumaia edo Zarautz). Hau da, talaiariak egin zitzakeen seinaleak ezin ziren ikusi herri horietatik eta, horrela, itziartarrek aurrea hartu zezaketen. Alde honi, egun, "abantaila lehiakorra" esaten zaio.

belen1- Aitzuriko harri-hondartza. 2- Aitzuriko muturra. 3- Mendatako biluz-hareatza. 4. Itziarko talaia. 5-Sakonetako hondartza. 6- Sakoneta baserria.

Itziarko Talaia

Talaian bertan jarritako kartela, garai batean zertan zen adieraziz. Itsasotik lehorrerako ikuspegia

Atzekoz aurrera

Talaia, gaur egun, lehorretik itsasora begira, egin berri diren konponketen ondotik

Mendebalderantza

Sartalderantzako ikuspegia. Barren-barrenean, Matxitxako ingurua

Iparralderantza

Ipar-sortaldera begira, itsasoa laino dago, Baionako barraraino

Balea berriak

XXI. mendeko baleak, begi-bistan: itsas-motorrak. Mendatako talaiatik bertatik hartutako argazkia.

Oier Gorosabel Larrañaga
Oier Gorosabel Larrañaga dio:
2016/09/11 00:00
Historia txiki politta, neri gustatzen jatan estilokua.

Oharra: sartalderutzko lurmutur hori ez da Matxitxako, Antzoriz baiño (Lekeittion, Santa Katalina ermitakua).
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: