Memoria hautakorra da
Ramon Labaien elkarrizketatu du Imanol Murua kazetariak (Jakin, maiatza-ekaina/2013). Elkarrizketa luzea, polita, interesgarria. Ezin bestela izan. Batetik, Imanol Murua primerako elkarrizketagilea da. Bestetik, Ramon Labaien mauka hutsa, pagotxa, elkarrizketatu gisa. Eta, horrez gainera, inor gutxi gero egun Labaien bezalakorik, azken laurogei urteotako historiaz jarduteko.
Besteak beste, Ramon Labaienek beste behin errepikatu du azken hiru hamarkadotan sinetsi nahi izan dugun “leka”. Alegia, euskara hutsezko telebista izatekotan jaio zela ETB, nahiz “izan ziren kazetariak, Amatiño bezala, zergatik ez elebiduna” planteatu zutenak.
Nik behin baino gehiagotan esan eta idatzi arren ETBren egitasmoa hasiera beretik izan zela elebiduna (grabatua dagoen lehen programa berrikusi baino ez dago), Labaienen memoriak besterik du gogoan: “Amatiñok ez dakit zer esaten duen. Ez zegoen horretan. Ez zegoen Jaurlaritzan. Ez du behin ere jakin. Erabakiak hartzen ziren lehendakariaren eta Kultura sailburuaren artean. Edo, hobeto esanda: Kulturak proposatzen zuen eta lehendakariak onartzen zuen. Hor ez zen behin ere dudarik izan”.
Memoria hautakorra da, bai, nirea nahiz Labaienena izan, eta ez gara orain eztabaida antzutan hasiko. Hala ere, inorena zalantzan jartzeke zilegi bekit gogoratzea:
Ez da inondik ere lotsagarria, are gutxiago ulergaitza, 1982an ETB elebidun sortzea. Lehen Eusko Jaurlaritzaren egitaraua irakurri besterik ez dago. Baita EiTBren sortze-legea ere.
Ez, Amatiño ez zen Jaurlaritzan izan. Garbi gera bedi. Beraz, era batez zein bestez, ezin gero berari batere erantzukizunik leporatu.
Ez diogu Labaieni galdetuko zer arraio kontatzen ote zion Lehendakariari Gasteizen, baina nonbait ez zen izan guri Hanburgon, lehenik, eta Iurretan, gero, esan zitzaigun kontu berbera.
Baina, tira, egunen batean azalduko ditut, memoriaren batean (hautakorra, hori bai), garai hartako edozenbat zertzelada zehatz, baita sekula aurkeztu ez nuen Teleberri aurkezteko egin zitzaidan proposamena ere.