Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Memoria ez da askea

Memoria ez da askea

Amatiño 2013/06/07 16:30
Inoiz galdetu izan didate zergatik naizen Athletic-zalea… Auskalo! Ba… 1950eko hamarkadan Bilbo Donostia baino zatia hurrago zegoelako (ez zen autopistarik, ez aldundirik, ez hauteskunderik), industria-harremanak estuagoak zirelako, Athletic-en garaitza-mordoa nabarmen hobea zelako eta, batez ere, Realaren sorraren aldean, Athletic-ek nahi eta itxaro genituen mezuak iradokitzen zizkigulako.

Agur SM

Athletic gorri ta zuria, zelai orlegian...

Mendea bete duen urte berean itxi ditu San Mamesek ateak. 1913ko abuztuaren 21ean jokatu zen bertan lehen partida, Pichichi zenak aurrenengo gola egin zuenekoa. Gero gerokoak, urteak joan eta urteak etorri… mendea osatzeko lain.

Nik mutikotan ezagun izan nuen San Mames ez zen horren zaharra. Gogoan dut aitak eraman ninduela estreinako, ezin zehaztu, ordea, zein urtetan. 1956 eta 1959 bitartean izan behar, nonbait, nik ez nituen-eta futbolean sekula ikusi Iriondo, Venancio, Zarra eta Panizo mitikoak, eta bai, ostera, Gainza. Panizok 1950an utzi zion futbolean egiteari; Iriondok, Venanziok eta Zarrak, berriz, 1955ean. Eta Gainzak, 1959an.

Negu-igandetarako plan polita zen lantzean behingo hura. Garai hartan zelaiak argiztatzen ez zirenez gero, partidak arratsaldeko hiruak aldera hasi ohi ziren. Eibarko orduan bazkaldu eta zazpietarako berriro bueltan izaten ginen, batere hutsik egin gabe, ama zain egoten zen-eta senarrarekin zinera joateko.

Athletic57-58

Nire sasoikook liluratu gintuen taldea. Zutunik, Carmelo, Orue, Garay, Canito, Mauri eta Etura. Belauniko, Artetxe, Koldo Agirre, Eneko Arieta, Uribe eta Gainza*

Ez dakit orain kromorik ote dagoen, baina orduan lehen mailako futbolarien argazki-sortak biltzen jardun izaten genuen mutikook. Maria Ospittalenean erosi, “errepe” genituenak elkarren artean trukatu eta albumetan ezarri. Athletic-ek 1957-58 kopa-txapelketa irabazi zuen Barcelonaren aurka eta hamaikako zuri-gorria osatu zutenak honako hauek izan ziren: Carmelo, Orue, Garay, Canito, Mauri, Etura, Artetxe, Uribe, Arieta, Koldo Agirre eta Gainza. Mende erdi luze geroago ere, nik hamaikon aurpegiak ditut oraindik gogoan, etxeko balira bezala.

Gero etorri ziren, Iribar, Dani, Julen Guerrero, Andrinua eta Orbaiz kapitainen belaunaldiak, herenegun berriro ere, San Mamesen, zuri-gorriz jantzi zirenak, zale sutsuen poztasun eta gozamenerako. Baina aipatu kapitainak, nolabait esateko, dena erlatiboa baita, bart gauekoak baino ez dira, 1980eko hamarkadatik honakoak. Ordurako hiru seme-alaba nituen ikastolan.

Memoria ez da objektiboa, jakina. Ezta askea ere.

capitanes]

Orbaiz, Julen Guerrero, Iribar eta Andrinua, azken hogeita hamar urteotako kapitainetakoak (Miguel Calvo Alejo "Mitxi" kazetariak lagatako argazkia)

--o0o--

*Partida berean hiru gol egiteari hat-trick esan ohi zaio, gauza handitzat. Historian jokalari gutxi dira partida berean lau gol sartu dituztenik. Gainzak, ostera, zortzi sartu zizkion Celtari, 1947ko kopa-partidan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: