Medikuntza, gaixo kronikoak gehitzeko makina
Ekonomia-mota berri bila ari omen garen honetan horra non euskal osasun-zerbitzua ere zaharkitu egin zaigun. Rafael Bengoa Osasun sailburuak esan bezala, sistema duina dugu non oinarritu, baina gauzak zeharo aldatu beharko ditugu. Are gehiago, gure epidemiarik larriena ez omen da gripea, A, B edo Z izan, gaixotasun kronikoena baizik. Gutariko %70k amaituko omen du eritasun kronikoren batekin. Osakidetzak beste ereduren bat asmatu beharko du.
Eta datorkigun laino beltzari erantzun ahal izateko lehen eta behingoz gure mugez jabetu beharko omen dugu. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko hiritar bakoitza batez beste hamar bider joaten da urtean zehar medikuarengana; suediarrak eta ingelesak sei aldiz joaten diren artean eta greziarrak, berriz, bizpahirutan baino ez.
Hiritar aldarrikatzaile eta eskale onak omen gara, baina pasibo samarrak. Den-dena inork egin diezaigun nahi dugu. Mimatu gaitzaten gura dugu. Ahalik eta ondoen zaindu beharraren beharrez, ondoegi zaindu gaituzte, gaizki erakutsi digute eta ea orain nola arraio ikasten dugun atzera egiten, geure buruaz arduratzen.
Rafael Bengoak esan zuenez, medikuntzak sekula aurrerapena egin omen du heriotza saihesteko orduan, baina ez horrenbeste erabat osatzerakoan. Hau da, medikuntzak heriotza ekidin arren, eritasuna guztiz sendatzerik lortzen ez duenez gero, gaixo kronikoak eragiteko makina da. Makina ona, segurutik, bizitza luzatzen digun aldetik, baina garestia garestirik bada.
Hala ere, aukera-maukeran behar bada Karlos Linazasororen aforismo (Erlea - 1) bi hauetako bat. "Mirari bat gertatzen ez bada behintzat, dena primeran joango da" edo "batzu-batzuk erremediorik gabe hiltzen dira". Nork hauta beza berea.
Rafael Bengoa Osasun sailburua gripearen kontrako txertoa jartzen
Medikuen burua izanda pentsatzen dut ez duela erreko, ez luke behar; baina modako kontu horrez gain, jakin egin beharko luke pisu larregia ere ez dela ona eta zaindu egin behar luke, horretan ere "txertoa" jarri beharko luke. Eta ez, ikusten denez gizon horrek ez du ez tripa zaintzen ez behar lukeen ariketa fisikorik egiten, baina hori ez ei da modako berbagaia eta inork ez dio ezer esango. Aholkuak saldu egiten ditu, baina...