Materia ilunaren bila
Somporteko trenbide-tunela 1928an ireki zen eta 1970an itxi, Frantzialdean gertatu omen zen (bada nahita izan zela uste duenik) luiziaren ondotik. Hamabost urte geroago, Zaragozako Unibertsitatearen ekimenez, LSC (Laboratorio Subterráneo de Canfranc) delakoa sortu zen, Fisika Nuklearraren eta Astropartikulen gaineko ikerketak egin ahal izateko, ezohiko tunelpe sakona estalperik baliagarrienetakoa delakoan erradiazio kosmiko naturalengandik babesteko.
Gaur egun, mundu guztian zehar, bederatzi dira era honetako lurpeko kokaguneak eta Canfranc-eko laboratorioan 15 herrialdetako 215 zientzialari inguru ari dira lanean. Kudeaketaz arduratzen den partzuergoak hiru erakundek osatzen dute: Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministeritzak, Aragoiko Diputazio Nagusiak eta Zaragozako Unibertsitateak.
Oro har, sei dira une honetan bertan indarrean dauden ikerketak. Hiru, neutrinoen fisikaz; bi, unibertsoko materia ilunaren bila; eta seigarrena geodinamikaz, zeinetan gai diren pantailan "ikusteko" Kantauriko olatuak. Hain zuzen ere, 2014an euskal itsasbazterrean izan ziren olatu galantak, Pirinio azpiko leizezulo sakon honetatik neurtu ziren zehatz asko.
Bisita gidatua da, aukeran eta doan. Txanda denboraz eskatu baino ez dago eta astegunez joateko prest egon.
Orain dela ia ehun urte eraiki zen nazioarteko tren-tunela, trenbiderik gabe gaur egun, lurpeko laboratoriotik kanpora ateratzeko irtenbidea. Barren-barreneko printza egun-argia da
Laboratorioaren planoa. Behean, 1928an inauguratu zen nazioarteko trenbide-tunela, ezkerrean Espainia eta eskuinean Frantzia. 1970an pasatu zen bertatik azken trena. Goian, errepide-tunel paraleloa, 2003 urtean ireki zena. Laboratorioak goitik du sarrera, behetik irteera, beti ere Espainiatik Espainiara, eta bi tunelen artean lan-gelak.
Tren-tunela zein errepide-tunela 1.100 metro inguruan abiatzen dira. Handik gora, 850 metroko harkaitz-estalpea
Ikertzaileetako bat, lanean. Aurpegiko mozorroa ez da gizakumea ez kutxatzeko, ikerkuntza gizakumearen erradiazioetatik babesteko baino.
Laboratorioan sartu aurreko ataria, Espainiako ahotik 2,4 kmra. eta Frantziakotik 5,5ra.
Argazkirik onena ez bada ere, euskal bisitari taldea, gidari eta guzti (eskuineko gaztea), aurreko uztailean.
Bibliako Hasiera (Genesi) eta John Miltonek idatzitako “Paradisu galdua” liburuan oinarriturik, sekulako ibilbide egin dutela gure balizko arbasoek Jainkoak debekatutako zuhaitzaren fruitu madarikatu hura jan zutenetik, zeinaren ondorioz, behin betirako jaurtikiak izan baitziren balizko Paradisu hartatik esan genezake.
Lurrera botatako(?) gizakia txiki, xume, izuti, ahul eta babesgabea omen zen. Dena ikaragarri: lurreko piztien orro eta oldarrak edota zeruko burrundarak, kazkabarrak, euri-jasak, eguzkiaren errainu kiskalgarriak eta hainbat izugarrikeri Jainkoaren hiraren seinale.
Baina gure arbasoek ezagutzeko ahalmena ematen duen zuhaitzetik – zientziaren arbolatik – jan zutenez gero, begiak argiturik, ez zebiltzan roboten itxuran Paradisuko egonaldi hartan bezala. Haien oinordekoak, gero eta ausartagoak, hasi ziren pentsatzen, estudiatzen eta desmitifikatzen antzinako sineskeriak. Ikerketa eta azterlanei esperimentu eta saioak zebilzkien orpoz-orpo. Harrezkero, Bibliako Jainkoa, bere ukaezinezko eremuak galduta, gizakiaren zientziak ordezkaturik izaten da gero eta gehiago.
Mugagabeko unibertsoaren misterioak argitzeko ahalegin tematsuan sartua dago buru-belarri gaurko ikertzailea eta Canfranc bezalako lurpeko laborategi egitea gauza ba da, antzinako sineskeriei berrikuspen kritikoa egiteko tenorea heldu dela uste dut.
Nork sinistu demiurgo batek unibertso osoa sei egunetan egitea? Faborez!