Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Martina gerrillaria: “las leyendas cumplen con ser bellas”

Martina gerrillaria: “las leyendas cumplen con ser bellas”

Amatiño 2013/05/14 13:00
Datorren hilean beteko dira berrehun urte (1813-06-21) gertatu zela Gasteizko Gudua. Wellington markesaren burutzapeko 75.000 gudari britainiar, espainiar, portugaldar eta alemaniar, hurbileko 3.000 inguru gerrillarirekin batera, elkarrekin bildu ziren Frantziara bidean ihesik zihoan Jose Bonaparteren 64.000 laguneko armada erasotzeko. Euskal gerrillarien nagusietako bi Longa eta Ibaibarriaga koronelak izan ziren.
Martina gerrillaria: “las leyendas cumplen con ser bellas”

Liburu-azala

Ascensión Badiola ekonomilari eta historialariak kaleratu berri du Martina guerrillera (Txertoa, 2013) historia nobelatua, non Ibaibarriaga gerrillariaren (Berriz, 1788 – Oña, 1849) berri ematen digu, frantsesak Bilbon sartu  ostean (1808) gizonez jantzita gerrillatan esku hartu eta buruzagirik nabarmenenetakoa izatera iritsi arte.

Nahiz bere omenezko kalea (Coronela Ibaibarriaga) Gasteizen izan, Martina ez da oso ezaguna eta, han-hemenka hainbat agiri biltzeaz gainera, Ascensión Badiolak irudimenari amain eman behar izan dio, egiazko datuez baliatu eta abenturazko zein amodiozko kontakizuna osatu ahal izateko.

Etorri eta jario handikoa, Badiolak samur asko idazten du, pasarte eta pasadizo ezezagunen bilketan ikaragarri saiatu da eta irakurlea aspertuko ez duen arren, ezta lar zirraratuko ere. Edozein modutan, Antonio Zavala biltzaile amorratuak Camilo José Celaren ahotan jarri zuenez: “las leyendas cumplen con ser bellas”

Gerrillari euskaldunak

Eta Aita Zavala euskaltzaina aipatu dudanez, harrigarri samar egin zait Ascensión Badiola bilbotar euskaldunak zein erraz egin dion muzin euskarari, XIX. mendearen hasieran gertatzen diren hirurehun orrialdeetan zehar.

Seguru gero Martina berriztarrak gaztelaniaz zekiela, Bilbon hasia zenez gero. Eta beste horrenbeste Mallabiko “Longa” baserrian jaiotako Francisco Tomás de Anchia buruzagiak ere –gerrillari soil hasi eta jeneral izaten amaitu zuena--, Trebiñuko Argantzun errementari ikasi eta bertan ezkondu zenez gero. Baina seguru ere euskaraz zekitela aipatu biek, Gorostiza, “Makila”, “Txintxorta” zein “Gorri” gerrillariek edo Angela Telleria elgetarrak jakin lezaketen moduan.

Ez dut nik esango erdal merkatura begira euskal aldarri berorik egin edo aparteko zailtasunik ezarri beharrik zegoenik baina… frantsesez aipamenen bat edo beste egiteko betarik aurkitu badu nobelagileak, zergatik ez euskararen gaineko zertzeladarik?

Badiola historialari eta nobelagileak ez dakikeen arren, bada euskal memorian Gasteizko Gudua, Jose Bonaparte “Pepe Botella” eta Longa zein Mina gerrillariak gogoan dituen bertsorik (Antonio Zavala. Gasteizko burrukaldia. Oiñez eta jakin miñez. I alea, 29. orr.) 

Napoleonen anaia, errege botilla,

 traguak edateko, aura zan mutilla.

 Ondoren dituela, Longa eta Mina,

 basoan galdu ei du, bere espadina.

 

Kotxe ta karromato, litera ta burdi,

Bitorian gelditu da, ondasuna lodi.

Gainera artilleria, bertan dabe itxi,

 frantzesen erregeentzat, ezta lotsa gitxi.


Aita Zavala

Antonio Zavala (Tolosa, 1928 - Xabier, 2009)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: