Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Marroia, jatorrizko larru-kolorerik benetakoena

Marroia, jatorrizko larru-kolorerik benetakoena

Amatiño 2021/09/07 09:05
Zenbat buru hainbat aburu dio esaera zaharrak, eta hain zaharra ez denak, berriz, zenbat gustu hainbat zapore, edota zenbat gustu hainbat kolore. Baina, dena ez da gustu-kontua, ez da estetika soila. Horrez gainera badira, joerak eta modak ere, jatorriak eta istorioak.
Marroia, jatorrizko larru-kolorerik benetakoena

Udaletxeko masta nagusia

Futbolean, txirrindularitzan zein arraun-taldeen artean behatu besterik ez dago konturatzeko kolore zuriak, gorriak, urdinak, berdeak edo horiak direla nagusi eta, marroiak esaterako, benetan urri.

Milaka dira Europan futbol-elkarteak eta, guztien artean, marroiz janzten den talderik bakarrenetakoa, Hanburgoko St. Pauli. Jarraitzaileek agirian aitortzen dute ez dela kolorerik politena baina jatorrizko koloreari eusten diote harro, eta ez betidanik horrela izan delako soilik, baita nolabaiteko ideologia ezkertiarrari eusteagatik ere, sortu hanburgoar kaietako langileek sortu baitzuten XX. mendearen hasieran. Nonbait, zamaketariak larru marroiz janzten ziren lanean jarduteko eta, lanetik futbolean aritzeko zuzenean joan ohi zirenez, arropez aldatzeke ekiten omen zioten jolasteari.

Ez dago, ordea, Ipar Itsasoraino joan beharrik antzerakorik aurkitu ahal izateko. Izan ere, Getariako zein Zierbenako arraunlarien elastikoak ez dira marroiak merkatuko hainbat kolore-laginetan politenetakotzat jo dutelako, betidanik horrela izan delako baino. Eta ez noizbaiteko erabaki estetikoaren fruitu, euren arbasoek lanerako erabili ohi zituzten larruzko jantzi marroien ondorioz baizik.

Hanburgoko St. Pauli futbol-taldea portuko zamaketariek sortu zuten 1910 urtean, baina ordurako bandera bat baino gehiago irabaziak ziren Zierbenako (1882) nahiz Getariako (1895) arraunlariak, marroiz jantzita gainera, garai haietan ohitura zenez,  arrantzan zein portu inguruko zereginetan. Zierbenako Arraun Elkartearen argazki zaharretan begiratu besterik ez dago.

Ez, Getariako edo Zierbenako arraunlarien elastikoen larru-kolore marroia ez da segurutik, gaurko begietara, kolorerik erakargarriena, baina bai, ordea, jatorrena eta benetakoena. Garai batean, behintzat, ohikoena, aproposena eta peto-petoena.

Getariako arraunlariak
Getariako arraunlariak

Zierbenako arraunlariak
Zierbenako trainerua
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: