Marketinaren "biblia"
"Marketinaren Oinarriak" (Philip Kotler eta Gary Armstrong)
Kapitalismoak sortze beretik asmatu zuen produkzioa (ekoizpen-teknika) baina ez zen marketinaz (salketa-teknika) jabetu 1955 arte edo. Gurean, berriz, ezta 1980 arte ere. Ordurako Philip Kotler aitzindariak hogei urte zeramatzan marketina irakasten eta 1975an “Leader in Marketing Thought” (buruzagi marketin-pentsamendutan) izendatu zuten.
Philip Kotler maisua da maisurik bada marketin-alorrean. Ehundaka eskola-liburu, ikerketa, azterketa eta saiakera idatzi ditu gai honetaz, eta ez soilik nolabaiteko enpresa-marketinaz, baita herrialdeok nazioarteko merkatuan lehiakor izango badira landu beharreko nazio-marketinaz ere (El marketing de las naciones. Paidos, 1998).
Deustuko Unibertsitateak --Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren laguntzaz-- argitaratu duen alea eskola-liburua da, unibertsitate-ikasketetan marketin-esparrua landu ahal izateko gai-bilduma aproposa, beti ere marketinaren lau lan-arlo klasikoak --produktua, prezioa, plaza eta promozioa (ingelesezko lau “p”ak)-- hainbat alderditatik ikertuz eta miatuz.
Euskarak hamabi argitalpen behar izan ditu marketinaren biblia bereganatzeko. Asko ala gutxi ote?
Patxi Baztarrika, Itziar Navarro, Lorea Narvaiza eta Roberto San Salvador, aurkezpen egunean