Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mario Fernandez, estatutu-eskumenen negoziatzaile zorrotza

Mario Fernandez, estatutu-eskumenen negoziatzaile zorrotza

Amatiño 2024/12/11 15:30
Bart zendu da Mario Fernández (Bilbo, 1943), Eusko Jaurlaritzaren lehen Lan sailburua (1980) eta Autonomia Garapenerako lehendakari-ordea (1981-1985), Espainiako Gobernuarekin eskumenak negoziatzeko arduraduna. Euskal hiritar gehienon gomutaz, Rodolfo Martín Villa Lurralde Administrazio ministroarekin LOAPA (1) autonomia-maila telebistaz eztabaidatu (eta irabazi) zuen Garaikoetxearen gobernuko sailburua.

TVEk (ez zen orduan besterik) zuzenean  eskaini zuen eztabaida historiko hura 1981eko urriaren 21ean izan zen. Biharamunean, Jaurlaritzaren ehundaka funtzionari eta kontratatu (2) bazkaltzen ari ginela Lakuako jangelan, Mario Fernández bera sartu ahala, denok jaiki eta demaseko txalo-zaparradaz agurtu genuen. Ez dakit nik, dioten bezala, hamar minutu baino gehiago iraun ote zuen txalokada estu bezain beroak, baina bai, behintzat, nik neuk sekula bizi izan dudan ezusteko, bat-bateko, benetako eta barru-barrutik ateratakoa.

Urte bereko otsailaren 23an. porrot egindako estatu-kolpearen (“Tejerokada”) ondotik (3), espainiar gobernuak, UCD eta PSOE alderdien eraginez, LOAPA legea proposatu zuen, larregitzat jo zituzten hainbat autonomia-eskumen murrizteko. Giro hartan izan zen sekula espainiar telebistan jarraipen gehien izandako buruz buruko eztabaida politikoa. Inork ez du zalantzan jartzen TVEk zuzeneko hura afalorduan eskaini zuela, ministro abil eta bizkorrak irabaziko zuelakoan, baina Deustuko Unibertsitateko Merkataritza-zuzenbide irakaslearen dialektika zorrotzak zein gaiaren ezagutzak eta jabetzak nabarmen jota utzi zuten jendaurrean frankismoaren ezpaletik zetorren ogasun-inspektorea.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateak, EAJk eta CiUk helegitea aurkeztu zuten, estatu-legeak nekez murriztu zitzakeelakoan erreferendumez onartutako autonomia-estatutuen ahalmenak. Ondorioz, 1983ko abuztuaren 13an. Espainiako Konstituzio Auzitegiak lege-egitasmoaren izaera organiko eta harmonizatzailea ukatu zuen, biltzen zituen 38 artikuluetatik 14 konstituzioaren aurkakotzat jo ostean.

Geroztik, ezin esan gero espainiar gobernuek presa handirik izan dutenik eskumenak eskualdatzeko. Baina ezin ere esan estatutuaren ahalmenak murriztu direnik. Eta Mario Fernandezen egikerak izan zuen zerikusirik.

Agur eta ohore.

(1) LOAPA. Prozesu Autonomikoaren Harmonizazioko Lege Organikoa

(2) Ramon Labaien Kultura sailburuaren ardurapeko Euskara Zuzendari nintzen ni artean.

3) Leopoldo Calvo Soteloren memoriei eta Felipe Gonzalezen adierazpenei jaramonik eginez gero, LOAPA indarrean jarri nahia ez omen zen estatu-kolpearen eraginez burutu, baizik eta aurretiazko egitasmoa zela. Honela balitz, auskalo zer ote litzatekeen larriago, militarren presioz edo txantaiaz autonomien eskumenak murriztu behar izatea ala UCD eta PSOE alderdien borondate politiko askeaz.

Martin Villa vs Mario Fernandez
Rodolfo Martín Viila vs. Mario Fernández, Joaquín Arozamena tarteko. 1981.10.21
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/12/12 20:08
Lastima youtuben eskura ez izatea Martin-Villaren eta Mario Fernandezen arteko eztabaida hori. Bestalde, Joaquín Arozamena moderatzailea izan zen TVEn, Endarlatsa ingurutik zuzenean, Mikel Zabaltzaren gorpua Bidasoan aurkitu berria zuteneko itxurak egiten ibili zen kazetaria.
Amatiño
Amatiño dio:
2024/12/14 14:10
Eta, RTVEren weborrian elkarrizketa osoa ikusteko, ezer berezirik edo ordaindu beharrik eskatzen al dizu ba?
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/12/15 12:44
Errepaso ederra barren!

Zeuk bideratu arte, burutik pasa ere ez RTVEren weborrian begiratzea. Zer den zuztarbakoa izatea. Kontu bat sortu behar izan dut elkarrizketa ikusi ahal izateko.

Eskerrik asko, Amatiño!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: