Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mariano Izetaren hiru merituak

Mariano Izetaren hiru merituak

Amatiño 2015/09/26 00:05
Ehun urte Mariano Izeta (1915-2001) jaio zela. Betidanik iruditu izan zitzaidan gizon “zaharra”, nahiz 58 urte baino ez izan, nik 1973an ezagutu nuenean, bere Elizondoko erloju-dendan. Gizon atsegina, apala, beti inori laguntzeko gertu dauden horietakoa. Hiru urtez nire "kontaktoa" izan zen Baztango berri jakiteko.

Ezagutu nuenean, 1973ko udaberrian, hogeita zazpi urte besterik ez zituen kazetaria nintzen ni,  eta, garai hartan, Mariano Izeta aparteko hiru “meritu” nabarmenen jabe zen nire begi gazteen aurrean.

Batetik, nafarra eta euskalduna zen. Badakit gaur egun ez dela hori beste munduko gauza, baina orduan… Gure ametsetako “Zazpiak bat” delakoaren froga bizia zen Mariano.

Bestetik, “Dirua galgarri” (1962) nobelaren egilea zen. Hain zuzen ere, “Noni eta Mani” (Svensson-Mujika, 1952), “Amabost egun Urgaiñ´en” (Jose Antonio Loidi, 1955), "Herriko bozak edo nor alkate” (Piarres Larzabal, 1962) eta, beste hainbatekin batera, euskaraz irakurri ahal izan genituen lehen liburuetako bat. Alegia, idazlea zen Mariano!

Eta hirugarrenik, Marianok Mutildantzan egin ohi zuen plazan. Ni ere dantzari izandakoa nintzen, baina gurean, Eibarren hazitako giroan, dantzariak gaztetxoak ziren eta, onenean, nerabeak, baina jende nagusiak –irakasleak edo izan ezik— ez zuen euskal dantzarik egiten, zer esanik ez kale gorrian.

M. Izeta. Elizondon, 1974

Mariano Izeta, Elizondoko erloju-dendan, 1973an.

jaime
jaime dio:
2015/09/27 19:24
Orain dela urte mordo bat, Mariano Izetak idatzitako “Nigarrez sortu nintzan” nobelatxoa irakurri nuen plazer handiz. Garai haietan “labetik” ateratako euskaldun berri-berria nintzen. Gustuz irakurri nituen Baztango euskara garbi eta ulergarriaz hogeigarren mendeko hastapenetan Elizondon gertatzen ziren pasadizo eta gorabeherak, batzuk ikaragarriak, batez ere, negu gorrian otsoekin, hango baserriak setiatzen zituztenean egun luzez. Eta abar..
Hura zela eta, interes handiak bultzaturik, idazle haren ezagutza egitea deliberatu nuen eta hurrengo larunbatean, gure etxeko dama eta biok, Marianoren dendan agertu ginen. Gizon goxo, erakargarri eta jakintsu bat topatu genuen. Momentu hartako bezeroren gabetasunari esker solas luze bat izan genuen eta, plazer handiz, jakin nuen bere aita, zarauztarra bera, gure amonaren lehengusua zela. Harrezkero, urtean behin edo, bisitatxoa egiten genion bere Elizondoko erloju dendara.
Agnostiko konbentzitua izan arren, gustatuko litzaidake bera topatzea “euskal idazleen paradisuan”. Eternitate osoan ez, baina, urte luzez mintzatzeko, seguru aski, ez ginateke hizpide barik aurkituko.
Oier A.
Oier A. dio:
2015/09/28 18:20
Helduak dantzan ikustea ez da erraz ahazten den kontua, ez: https://dantzan.eus/albisteak/helduak-dantzan

Mariano Izeta hizketan eta dantzan ikus daiteke ondoko bideoetan, gaur egun Nafarroako Ogasun sailburua den Mikel Aranburu txistulari eta dantzariak aurkeztu zuen programan:
https://dantzan.eus/[…]/dantzak-01-baztango-mutil-dantzak-tve-1989

Baztango eta Berrizko dantza-maisu eta musikari handien artean hemen
https://dantzan.eus/bideoak[…]alde-elizalde-izeta-aldekoa

TVEko Raices pograma hartan hemen:
https://dantzan.eus/bideoak/raices-15-baztango-dantzak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: