Mapa aldatu digute
Bospasei urte besterik ez nuela Udaletxe-arkupeko eskoletan ateratako lehen argazkian Espainiako mapa jarri zidaten atzekaldean. Edo hobeto esan, Iberia penintsularena. Txiki-txikitandik erakutsi ziguten Tarifako punta Hendaia baino gureago zela, Portugal bertatik bertara genuela eta Frantzia, aldiz, erbestean.
Eskolako mapa
Aldi berean, Espainiako mapa erabat zuzendua (okertua alegia) agertzen zitzaigunez, espainiar ikuspegiari esker ikasi genuen Bidasoz haraindia “iparra” zela, nahiz eta Donibane Lohitzune Bermio baino hegoalderago egon. Eta gu iraultza asmatzen ari ginelakoan.
Espainia Europako Batasunean sartu zenean, berriz, helburuetako bat izan zen posiziorik ez galtzea eta egitura berriaren ertzean ez nabarmenegi agertzea. Inork askorik konturatu gabe Europaren mapa murriztu egin zen eta ekialdeari muzin egin zitzaion gu ahalik eta erdien kokatu beharraren beharrez.
Mendebaldera begira jarritako Europa
Baina, Errusiak mugak ireki zituen, Baltikoko herrialdeak Europako Batasunean sartu eta halakoren batean mutur-muturrean sumatzen genuen Lituaniak gogorarazi zigun Europa osoaren koordenaden ardatza hantxe bertan zegoela, Purnuškiai izeneko herrixkan alegia. Eta gu, gizajook haurrak Paristik zetozelakoan…
Benetako Europa
Baina ez dira gero hor gure etsipenak amaitu. Ze, hainbat mendetan mapa-mundiaren erdi-erdian geundela sinetsi ondoren, horra non Txinak muturra erakutsi digun, Ipar Amerikak beste aldera begiratzeari ekin, Ozeano Pazifikoari txanda heldu eta, aurrerantzean, gero eta sarriago ikusiko dugun mapa sekula eskolan erakutsi ez zigutena izango den. Bai, Errege Magoak nahitaez ekialdetik etorri behar, bat-batean batere mendebalderik gabe geratu gara-eta.
Mapa-mundiaren erdi-erdian egotetik...
Ertz-ertzera pasatu gaitezke
Konturatu garenerako munduko periferiara baztertu gaituzte, itsasoa amaitu eta amildegia hasten den ertzeraino, far westik urrunenera. Zenbaitek esango du ez dela ezer pasatzen, efektu optikoa besterik ez dela, guk lehengo leku berean jarraitzen dugula tinko, ez gaituztela mugiaraziko. Bai, arrazoia, behar bada horregatik, hain zuzen ere ez dugulako nahi batere mugitu…
Munduaren mapa ari da erabat aldatzen eta gu, berriz, eguraldi-mapari begira hurrengo asteburuan nora joango erabakitzeko.
Dena den, lasai, berriz ere lehengo garai onak berehala etorriko dira-eta. Errekonkista-garaiak alegia. Inoren kontra beti izan gara hobeak.
Etorkizuna ote?