Malutaz maluta, Laboak utzitako arrastoen ildotik
Bernardo Atxagak esana da “Erlea” aldizkaria sekulako porrota izan dela, gizartearen aldetik. Ez dakit ba horrelakorik, zehatz, esaterik ote dagoen. Behar bada Euskaltzaindiaren literatura-aldizkariari muzin egin diona ez da gizartea izan, hasiera-hasieratik aldizkariak berak gogoan zituen 1.700 irakurleek baizik. Eragileen anbizio gehiegi ala... gutxiegi ote?
Gizarteak dezente ondo erantzun dio, ordea, aldizkariaren lehen alean Atxagak berak idatzi eta Tanttaka taldeak azken bi urteotan berrogeitaka bider eszenaratu duen “Zazpi aldiz elur” ikuskizunari.
Hobe omen da berandu sekula baino, eta naizen honek behintzat aurreko igandean hartu zuen beta “Zazpi aldiz elur” saioa ikusteko, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Berrogeigarrenean*, agidanez!
Ikusia ikusi, esango nuke esan, Mikel Laboa zenaren omenezko ikuskizun honek Mireia Gabilondori zor dizkiola motorea, kolorea eta lorea, baina Bernardo Atxagari, berriz, puntua, mataza, haria eta olerki-usaina. “Mikel Laboa hil zen egunean elurra izan zen Arabako leku askotan, eta ume batek esan zuen, albistea eman ziotenean, ederra zela halako egun batean hiltzea…” Atxaga umearen susmoari zerion olerti-errainuaz jabetu, hartaz, malutaz maluta, zazpi gogoeta “Erlea” aldizkarian bilbatu eta, ondotik, Mireia Gabilondo, aukeran, parean egokitu.
Performancea, berriz, taula gaineko trantzea alegia, Mireia berari ez ezik, Iñaki Salvador, Angel Unzu, Maria Berasarte, Iñaki Rikarte eta bostoi zor zaie, aldi berean. Ikuskizun txukuna osatzeko ez da nonbait lar behar, ideia bakana, testu aproposa eta interprete onak bezain atxikiak tarteko badira. Zer esanik ez, ikusentzuleak, adinez eta gurariz bederen, gertuko samarrak badira.
Laboari berari ikaragarri gustatuko litzaiokeen ikuskizuna. Nago ez dagoela gehiago eskatzerik. Edo, bai. Zazpigarren elurrari jaramonik egingo badiogu, “haren hitzak, haren kantak, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal, elur gainean txorien hankek utzitako arrastoak bezala…”
Iñaki Salvador, Mireia Gabilondo, Maria Berasarte, Angel Unzu eta Iñaki Rikarte. Bostekoa, aurreko igandean, Donostian.
*Hurrengo (eta azken?) ekitaldia, urriaren 8an, Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitatearen paraninfoan