Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Malgutasunaren balioaz jabetzeko ordua

Malgutasunaren balioaz jabetzeko ordua

Amatiño 2014/08/05 10:45
Denden eta hipermerkatuen ordutegia dela-eta sortu den eztabaidak gogorarazi dit duela hamabost urte energia ekoizteko lantegien inguruan egin ohi zen salaketa: antza zenez, zenbait ingurumenzaleren iritziz ez omen zen egoki, zilegi, onargarri edo dena delakoa Euskal Herrian euskal gizarteak behar zukeen baino energia gehiago ekoiztea. Hau da, bego, txarrenean ere, ze erremedio, euskal merkatuaren eskariari erantzuteko besteko energia-produkzioa, baina ez gero kanpora esportatzeko energiarik ekoiztu... Utikan energia!

Itxura denez, herri honen industria-tradizioak ulertzen zuen altzairua, bizikletak, eskopetak edo makina-erremintak “behar baino gehiago” ekoiztu beharra, munduan barrena saltzeko, baina energia-kontuetan ez, ordea. Energia gauza zikina zen, nonbait, eta herri bakoitzak bere hilerriak, kakalekuak eta zabortegiak (seguru?) izan behar omen dituen bezalaxe, energia-olak ere berdintsu edo. Jakina, honek ez zuen batere zentzurik benetako ingurumenaren, gizarte-elkartasunaren zein eskala-ekonomiaren aldetik baina… argudio horiek gaiztoen argudio maltzurrak besterik ez ziren.

Berdintsu baina aldrebes leporatu zaio oraingoan Decathlon kirol-supermerkatuari, “kanpotik etorri eta ordutegi-batasuna haustea” aurpegiratu zaionean. Horratik, zer ote da merkatu-arloan “kanpoa” eta “barrua”? Euskal Autonomia Elkartearen ekonomiak barrena joko luke kanpoan salduko ez balu, eta ez dugu gero pentsatuko gure enpresak noiznahi eta noranahi joan daitezkeela eta gurera etortzeko, aldiz, kanpotarrek bisa berezia beharko dutenik, ezta?

Harrigarri samarra ere bada azken hamar urte luzeotan gauzarik normalena balitz bezala errepikatu izan den astakeria, alegia: “Jai egunetan irekitzea ez dela merkatuaren eskaria”. Auskalo euskal kontsumitzaileen eskaria ote den ala ez, baina nik neuk behintzat urteak daramatzat asteroko erosketarik arruntenak jaiegun goizetan egiten, eta udaletxeko plazatik atera gabe gainera. Ez dut ulertzen zergatik kazetariek, tabernariek, okinek eta gozogileek igandean lan egin ahal duten eta fruitu, barazki edo arropa saltzaileek ez, ordea. Are gehiago kontuan izanda sektoreen arteko mugak erabat gainditu direla eta gasolindegitan, esaterako, edozer erosi daitekeela. Gainera, Deban adibidez, salbuespenen bat edo beste izan ezik, igandetan denda guztiak ixten diren artean, Ezkarain den-denak irekitzen dira, baita mertzeriak eta dekorazio-aholkularitzak ere.

Niri umetan esan zidaten igandetan ez zela dendarik irekitzen. Iparraldera joandako lehen egunean konturatu nintzen lege hura ez zela “beste aldean” betetzen. Txikitan esan ere esan zidaten Europa garatuan ez zutela ogirik jaten, eta hara heldu bezain laster sumatu nuen ogi-mota battoa ezik, berrogeitaka zituztela aukera-maukeran. Esan ere esan zidaten energia "frankista" samarra zela, baina Franco aspaldi hil zen eta energiak gero eta garrantzitsuagoa da.

Dena genekielakoan, ia berrogei urte kostatu zaigu konturatzea ogia gutiziagarria dela, eta ez gerra osteko gosea asetzeko janaririk merkeena. Eta beste horrenbeste ohartzeko, energia oinarri-oinarrizko kontsumo-produktua izateaz gainera, lanpostu sortzailea eta herri-ogasunaren diru-iturri paregabea dela. Zenbat urte behar izango ote dugu lehiakortasunaren zein malgutasunaren balioaz jabetzeko? Inoiz ikasiko al dugu gauzak beltzak ala zuriak baino, arreak direna?

decathlon-gasteiz

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: