Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Makatzaren aitzakiaz

Makatzaren aitzakiaz

Amatiño 2023/03/03 20:50
Laurogei urte bete ditu aste honetan (hilaren 1ean) Jose Angel Iribar “Makatza”k. Gazte-gaztetatik ezagutu izan dudan futbol-atezaina, onenetan onena. Seguru asko, ez nuen sekula ezagutu ahal izango Julio Sarasuari esker izan ez balitz.
Makatzaren aitzakiaz

Makatza dorretxea

Hamabost urte nituen nik, 1961eko abuztuan, gerora nire koinatua izango zenak, Juliok, esan zidanean: “Basconiak fitxau jok Makatza”. Izan ere, Julio eta Makatza (Jose Angel nor zenik ere) elkarrekin arituak ziren “plaieroetan” lehenik, Aritzbataldeko Zarautz futbol-taldean gero, 1957tik 1960ra bitartean edo; eta, 1961ean, atezaina Bilbo aldera (1) joan izanaren albistea pozarren aipatu zen lagunartean.

Makatza eta biok sekula elkarrekin hitz egin gabe ginen arren, ordurako banekien nik Julioren lagunaren berri, ez baitzen alferrik Zarauzko plaza nagusian zutik zirauen baserri bakarrean bizi, XV. mendeko Makatza dorretxe zaharrean. Nire osaba-izeba zarauztarrak pareko atarian (Royalty gainean) bizi zirenez gero, sarri ikusi izaten nuen mutila jo-ta-ke lanean. Eibarko kalekumea nintzenez gero, erabat ezohiko iruditzen zitzaidan plaza-erdian baserriak abian irautea eta, gainera, artean, gazte-jendea behi-gurdi eta guztiko baserri-lanetan aritzea (2).

Ez dakit noiz hasi ote zen Julio nire arrebarekin “irtetzen”, baina badakit abuztu hartako oporretan ingelesezko klaseak (3) eman zizkidana eta, modu batez edo bestez, bere bitartekotzaz izan nuena Zarauzko hainbat herri-girotan sartzeko aukera.

Aita, eibartar-eibartarra, eta ama, zarauztar-zarauztarra, Julio gogotik izan zen eibartar peto-petoa eta sinetsi ezinezko besteko zarauztarra. Ez dut sekula ezagutu herri bateko zein besteko euskara-erregistroak aldi berean horren ondo bereizten eta menderatzen zituenik, edo, ziztu bizian, batetik bestera horren erraz eta jator jauzi egiteko gauza zenik. Ez zituen sekula gramatika-arauak eta gainerako sasilogikak gogoko izan, baina musikazale amorratua ("Organistianekoen" ezpalekoa) izan genuen, belarri mundiala zuen eta ahozko euskaraz berriketa gabeko maisua.

Hari esker ezagutu  nuen Zarauzko  otxotea (noizik behin, Makatza bera kantari) lehenik,  Oleskariak  gero, monumentua merezi izango lukeen “Paxo” eta emaitza paregabea utzi zigun Imanol Urbieta musikagilea. Ahaztu ezinezko urteak eta nekez errepikatuko den giroa.

Geroztik, noizik behin, hamar urtetik behin edo, tope egin izan dut Makatzarekin San Mamesen, Lezaman edo auskalo nork antolatu izaten dituen jendaurreko ekitaldi horietakoren batean, eta, maitasun handiz, beti frogatu izan dit, urteak joan eta urteak etorri, ez duela “Julito” ahaztu.

Eskerrik asko eta zorionak.

(1) Athletic-ek hurrengo urtean fitxatu zuen, 1962an.

(2) Egia esan, 1950eko hamarkadaren amaieran behintzat, izotz-banaketa zaldi-gurditan egin izaten zen Eibarren, peoraz peora eta tabernarik taberna.

(3) Matematika-maisu, berriz, Imanol Murua (30 urte geroago Gipuzkoako Diputatu Nagusi).

Zarautz FT 1958-1959

Zarautz FTa Aritzbatalden, 1959 inguruan. Ezkerretik eskuinera, tente: Makatza, Jose Antonio Eizagirre "Kaxkurrio", Bitor Suinaga, Jose Patrizio Aristi, Ramon Leunda "Etxetxiki", Jose Antonio Txurruka eta Benito "Errekondonekoa". Belauniko, Juan Mari Goñi, Fonsi, Julio Sarasua, Jose Luis Eizagirre "Bixkonde", Salbador Etxabe "Txorten" eta Jose Luis Goñi entrenatzailea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: