Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Maitasunaren oinordekoak

Maitasunaren oinordekoak

Amatiño 2010/02/05 00:36
Behar bada ez dugu sekula jakingo bi hankatan ibiltzen ikastearren egin ote ginen gizaki, ala gizaki bilakatu ostean ikasi ote genuen hanka bitan ibiltzen. Baina garbi dago nonbait maitasunaren, segurtasunaren eta elkar osatu beharraren seme-alabak garena, eta ez gosea, borroka eta elkar erasotu beharrarena.

Aspalditxodanik uste izan da Afrikako oihanetan adarrik adar bizi zen tximinoak lurreratu behar izan zuela klima aldaketak basoak lehortu zituenean eta, ibili beharraren beharrez, bi hankatan oinez ikasi eta munduan zehar nora ezean sakabanatu zela. Horretara, arbolarik ezak eta goseak eragin omen zuten gizakumearen bilakaera. Iritzi honen lekukorik adierazgarriena orain 3,2  milioi urteko Lucy  tximinoa zen. Baina teoria hau hankaz gora jausi da azken lauzpabost hilabeteetan.

Aurreko udazkenean Science aldizkariak jakinerazi zuenez, paleontologoek duela 4,2 milioi urte bizi izan zen primatearen aztarrenak aurkitu dituzte Etiopian:  Ardipithecus ramidus, Ardi, lagunen artean. Harrigarri bada ere, zientzilariek frogatu ahal izan dute Ardi tente zebilela, zutik, hanka bitan, nahiz eta garai hartako basoak sekulakoak izan eta gaur egun baino ezagoak gainera. Eta, beraz, ezinbesteko galdera: zergatik zebilen oinez?

Guk besterik uste izan arren, bi hankatan ibiltzea izugarri zaila omen da. Ez bide da lau hankatan baino erosoagoa edo azkarragoa. Kontu izan gero, gizakia dela lehorreko hankabiko animaliarik bakarra. Zertarako zutitu zen Ardi?  Nonbait eskuak libre nahi zituen baina… zertarako?

Adituen ustetan Ardi zutitu egin zen janariak eskuz biltzeko, baina ez berak jateko, inori, emeari, eskaintzeko baino, ahalik eta gehien garraiatzeko, eta bikotearen onespena segurtatzeko. Eta aldi berean, emeak bere onespena agindu zion, baina ez arrik iaioenari edo indartsuenari, elikadura ondoen bermatzen zionari baizik. Ondoko bilakaera Darwinek  proposatutako hautespen naturalaren  ondorioa besterik ez zen izan.

Behar bada ez dugu sekula jakingo bi hankatan ibiltzen ikasteagatik egin ote ginen gizaki, ala gizaki bihurtu ostean ikasi ote genuen hanka bitan ibiltzen. Baina garbi dago nonbait maitasunaren, segurtasunaren eta elkar osatu beharraren seme-alabak garena, eta ez gosea, borroka eta elkar erasotu beharrarena.

                                    Ardi

Eta aittitta eta amama zutitu egin ziren...

Amatiño
Amatiño dio:
2010/02/09 16:28

"Gosea" da, segurutik zuk eta biok sekula ezagutu ez duguna. Eta, Ardiren kasuan, "elikadura-bermea" da, berriz, elkar maite dutenen arteko funtzio-banaketa.

Nerlau
Nerlau dio:
2010/02/09 12:59

Eta zein da "gosea" eta "elikadura bermatzearen" arteko diferentzia?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: