Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Maitasuna, lirika gutxi eta epika asko

Maitasuna, lirika gutxi eta epika asko

Amatiño 2017/02/09 20:00
Maitemindu eta maitatu bi gauza berdinezak dira. Maitemina askorik iraun beharrik ez duen zirrara da; maitasuna, aldiz, luzaro iraun ohi duen jarrera. Maitasuna da, saiatu beharraren beharrez, ohitura bihurtzen den jokamoldea, ahaleginik gabe bideratzen den jokabide zaila.

Pello Esnalek atzo idatzi zuen (DV, 2017.02.08) bere ohiko artikulu txukun horietako bat, non azaldu zigun “maitemindu” hitza Orixe handiak asmatu zuela, 1930 urtean.

Auskalo 1930 urte arte berdintsuak edo parekoak ote ziren maitatzea eta maitemintzea, baina gaur egun, behintzat, ñabardurak erraz baztertzen diren gero eta gizarte arinago eta arolago honetan, arras berdinezak dira bata eta bestea.

Auskalo zer dioten honetaz guztiaz entziklopediek eta pentsalari handiek, baina nik badut astebururo mendi-laguna alboan, kontzeptu bi horiek argi asko bereizten dituena. Gasteizen bizi den eibartarra jaiotzez, telekomunikazio-ingeniaria, sektore berri honetako enpresa dezente handiaren kudeatzaile ona.

Mendikada luze horietako batean zehar entzun nion behin, maiteminak ezer gutxi duela zer ikusirik maitasunarekin. Maitemina zirrara baino ez omen da, nolabaiteko suspertzea, beroaldia, lirika asko eta epika gutxi. Maitasuna, aldiz, alderantziz, epika asko eta lirika gutxi; inoren nahia eta atsegina hobetu eta gehitu beharraren beharrez, ohitura bihurtzen den jokamoldea, zailtasuna erraz bilakatzen duen jokabidea.

Hainbatek ez dio jarrera horri distira handirik sumatuko, baina zinez diot ez dudala nire inguruan beste ezein senarrik ezagutzen, emaztea horren arreta handiz zaintzen duenik, horren arduratsu artatzen duenik, horren gogoko duenik.

Behar bada teoriarik gehienak dira defendigarriak, baina nabarmen gogoangarriagoak, segurutik, eguneroko praktikaz eta ariketaz frogatzen direnak, maitasuna bezalaxe, alegia.

.

jaime
jaime dio:
2017/02/10 15:56
Berrogeita zortzi urteko ezkonbizitzak eskarmentu pixka bat eman dezakeela maitasun eta maiteminaren arteko ezberdintasunaz hitz egiteko. Nire aburuz, maitemina, animalien artean bezala, beharrezkoa den sexuaren deialdia dela bi izaki harremanetan jartzeko. Beraz, maitemina izango litzateke, dena ongi joatekotan, harreman luzeen lehenengo urrats edo denboraldia. Jakina, denboraldi horrek ez du urte luzez jarraitzen, baina, pazientzia eta “savoir faire” apur batekin badator, pixkanaka-pixkanaka, benetako maitasuna, eta, orduan, hasten da bikote gutxitan ezagutzen den arorik eder eta goxoena.
Orduan, sortzen da ezkontideen arteko konplizitate estu-estua; sarritan, hitzak ere soberan daude, halako telepatia dagoelako bion artean. Denboraren poderioz, bikotea zahartzen da, eta, zimurrak agertzen dira, senarra soiltzen edo zuritzen da, andreari erortzen zaizkio titiak eta ipurdia, menopausia ere agertzen da eta abar… Hala eta guztiz ere, maitasunak jarraitzen du bizirik, begiradak goxoak dira oraindik, baina, etortzeko den bizitzaren amaierak elkarri aitortzen ez zaion sekulako tristura eta izua sortzen du bikotean. “Ez zaitut galdu nahi” hauxe da norberaren bihotzean ezkutaturik dagoen garrasi isila.
Nik uste, gaurko gazteriak nahasten du sexua eta maitasuna, horrexegatik jarraitzen dute hain gutxi bikoteek batuta.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: