Maitasuna galdutako bertsoa
Andrew Haigh zuzendariaren 45 years (45 urte) ekoizpena, ez da inondik ere thrillerra, ezta suspense-filma ere. Baina azken sekuentziako dantzaldia da “touché” laga zaitzaketenetakoa. Azpimarragarria Charlotte Rampling aktoresaren interpretazio mintzula. Barrena, Oscar bat merezi izateko bestekoa.
Batere arazorik gabeko senar-emazte ingelesak ari dira ezkondu zireneko 45. urtebetetzea lagunartean ospatzekotan. Denak dirudi zoriontsu, atsegin, ohiko eta, nolabait, ezinbesteko… alemanieraz idatzitako gutuna postaz jaso arte.
Handik aurrera, ordu arteko gomuta izoztuak berpiztuko dira eta aurreko bost hamarkadetako oreka hautsiko. Baina, hilda zeuden sentimenduak berpiztu egin dira ala ez ziren inoiz hil? Obsesioak jota aritzea leporatzen dio emazteak senarrari, eta honek erantzun, irmo: “Ez da harengatik!”. Orduan… sekula aipatu gabeko harengatik ez bada… norengatik, zeinengatik edo zergatik da? Akaso zahartzaroa, iragan-garaien malenkonia, noizbait gazte izanaren nostalgia, lehen amodioaren idealizazioa, damu-mina…?
Film geldo samarra ekineran, estetika barnekoi nabarmenaz hasi eta buka. Charlotte Rampling (Kate) eta Tom Courtenay (Geoff) protagonistak, zein baino zein hobeak. Emakumea batez ere, eta azken sekuentzian gehienbat. Ezer esateke, mutu, isilik misilik, begirakune goibelez eta irribarre zartatuaren imintzio hutsez, berrogeita bost urteko ustea ustel, ulertzeko hitzerdirik ere behar ez duen bizitza osoaren porrota. Eta beltzera. Fade to black.
Ezkontza galdutako bertsoa baino, amodioa galdutako filma. Nire sasoikoentzat modukoa. Ingurura begiratu baino ez zegoen.
Gutxitan, isiluneak, Charlotte Rampling-enak bezain esanguratsu eta adierazkor