Maitasun aldartean, hain hurbil eta hain urrun
In the Mood for love (ingelesez) filmak ez zuen 2000ko Urrezko Palma irabazi (gizonezko aktorerik onenaren saria baino ez zuen jaso, Tony Leung Chiu-Wairen mesedetan) eta Wong Kar-Wai zuzendaria ez zen inondik ere ordurako hasiberria (aurretik sei film zituen ganoraz eginak), baina, ondorengo hogei urteko balantzaren arabera, Deseando amar (gaztelaniaz) omen da, nazioarteko adituen artean, XXI. mendeko bigarren filmik onena eta sekula historian izandako ehun onenetako bat. Iritzia iritzi, nago, ordea, film honen meriturik handiena zera dela: kritikariak limurtzeko gai izatea eta, aldi berean, zinemazale arruntak erakartzeko gauza.
Ez dakit jatorrizko titulua, txineraz, nola itzul ote genezakeen baina, ingelesezko In the Mood for Love ez litzateke, behar bada, Deseando amar (Maitatu nahian), Maitasun aldartean baino. Eta, hain zuzen ere, horretan datza filmaren ardatza: badira bi gizon-emakume gazte, Chow eta Li-zhen, biak ezkonduak, eta biek dakite euren bikoteek ez dietela leialtasunik gordetzen; beren senar-emazteen faltan, elkar maitatzeko aldartean egiten dute topa, baina ez dute –ala bai?— euren senar-emazteak “bezalakoxeak” izaterik nahi.
Llabur-llabur esanda, filmean zehar ez da “ezer pasatzen”. Neskak berrogeitaka soineko (qipao edo cheongsam) desberdin janzten ditu behin eta berriz errepikatzen diren sekuentzia berdintsuak bereizteko. Egoera estu-mestuan, dena da nahi eta ezina, itolarria, lotsa, ausardia falta, erabakirik eza. Dena da hertsia, meharra, zirritua eta ipurtargia: kaleak, kantoiak, etxeak, gelak, leihoak, tarteak, giroak, ispiluak, begirakuneak, imintzioak, harremanak, elkarrizketak... eta, ezinbestean, baita itxaropena eta etorkizuna ere. Alegia, itxaropenik eza eta etorkizunaren malurra.
Pasioz jositako ezkutuko amodiorik sutsuena gerta zitekeen aldartean, filmak ez du musu galdurik ere islatzen, nahiz antza, nonbait, agian, semeren bat-edo sumatuko bostpasei urte geroago. Etsipena, malenkonia eta nostalgia garaile ateratzen dira historia goibel eta erromantiko honetan: gerta zitekeena ez da sekula gertatuko edo, behar bada, beraiek besterik uste arren, lirudikeen baino gauza gehiago gertatuko da. Norabide desberdineko bizitza paralelo bi: hain hurbil eta hain urrun.
Li-zhenek (Maggie Cheung) soinean daramatzan qipaoak bezain anitz, xarmant eta erakargarria izan daiteke bizitza; haatik, baita Chowek Kanboian bisitatuko dituen monasterioen hondakinak besteko zurbil eta arranguratsu ere. Bizitzak denetariko aldarteak eskaintzen ditu. Unean unekoaz baliatzen asmatzea da erronka.